Karnabaletarako egun gutxi batzuk falta diren arren, aurrelanak egitea eskatzen duten festak izanik, giroa eta gogoa nabariak dira herritar askorengan. Eta herriko ekitaldien agendan ere, karnabalen atarikoen asteburua izan da igaro berri dena. Zapatuan, inauteriak iragarriz, Alde Zaharrean barrena kalejira egin zuten kaldereroek; eta atzo eguerdian, Udal Musika Bandak, banda gazteak, Julian Barrenetxea abesbatzak eta Juan Antxieta musika eskolako abesbatzak inauterietako kontzertua eman zuten Sanagustin kulturgunean.
Urteroko ekitaldia izanagatik, herritarrak ez ditu aspertzen; kontrara, zain-zain egoten dira, eta horren erakusle da Sanagustinek hartu ohi duen betekada. Halaxe izan zen atzokoan ere; gainera, barru giro egiten zuen eguerdi parte horretan, eta zer plan hoberik babesean zuzeneko musika emanaldiaz gozatzea baino. Prestatutako aulki guztiak segituan bete ziren, eta kontzertua lurrean eserita zein tente jarraitu zuten herritar askok eta askok.
Urteroko formatuarekin, Azpeitiko Argazki Elkarteko kideek, Gukak zein herritarrek utzitako aurreko urteko karnabaletako argazkiak pantaila handian bata bestearen atzetik ikusgai jarrita, Azpeitiko karnabaletako kantu ezagunak eskaini zituzten musikariek eta abeslariek Unai Frantsesenaren gidaritzapean: kaldereroek jotzen dituztenak, Sasikoipetsu, Goiz eresia, Lolita, Sarralle buru haundi, Bihotz eritua, Iriyarena... Eta amaitzeko, aipatutako askoren poupourria mambo doinuekin emanda –Gora karnabalak, miamol!–; eta opari gisa, Behera, behera!. Atariko asteburuan hori baino menu hoberik topatzea zail da karnabal gosez dauden azpeitiarrentzat.