Karnabaletarako astebeteren faltan, kaldereroak izan dira, urtero bezala, atzera kontaketa martxan jarri dutenak. Zartaginak mailuekin kolpatuz ateratzen duten burrunbarekin egin dute hori, inorentzat oharkabean pasatuko direnaren zalantzarik gelditu ez dadin. 19:00etan San Martin egoitzaren atarian zuten hitzordua Hungariako ijitoen rolean sartuta kalejira egin nahi zuten herritarrek, eta asko izan dira parte hartzera animatu direnak, denak ere trapu zaharrik dotoreenak soinean zituztela. Nola ez, Udal Musika Bandaren ezinbesteko laguntza izan dute ibilbide guztian.
Ume txikiak dituzten familia askorentzat kuadrillan arratsalde-pasa egiteko aitzakia ezin hobea dira kaldereroak, baina horiez gain, oraindik nerabezaroak harrapatu ez dituen gaztetxoren batzek eta Txolarteko lagunak ere parte hartu dute desfilean. Gurasoak seme-alaba txikiekin, gaztetxoak edota Txolarteko lagunak nagusi izan dira karro batek ireki eta besteak itxi duen kalejiran. Eta ohitura den eran, kalejiraren buruan zein hura ixten, asto bana umez betetako karro banari tiraka. Txandaka-txandaka, gaur ere dozenaka umek izan dute aukera metro batzuk karroan eserita egiteko.
Ibilbideari dagokionez, betikoa egin dute; San Martin egoitzaren ataritik irten eta Alde Zahar osoa zeharkatu, plazan emanaldia eginez amaitzeko.
Bihar, kontzertua
Karnabalen aurreko asteburua osatzeko, Udal Musika Bandak, banda gazteak, Julian Barrenetxea abesbatzak eta Juan Antxieta musika eskolako abesbatzak inauterietako abestien kontzertua eskainiko dute bihar eguerdian, 12:30ean hasita, Sanagustin kulturgunean.
Emanaldiak iraun bitartean Azpeitiko Argazki Elkartearen, Gukaren eta hainbat argazkilariren karnabaletako argazkiak proiektatuko dituzte.