Eusko Jaurlaritzak gaur goizean argitaratu du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian karnabaletan Azpeitian sokamuturra egitea ahalbidetzen duen agindua. Abenduaren bukaeran, ganadu aziendari eragiten dion dermatosi nodular kutsakorra zabaltzea saihesteko animaliekin egiten diren ekitaldiak eta ikuskizunak otsailaren 26ra arte debekatzeko agindua eman zuen erakundeak, eta oraindik ere debekuak indarrean jarraitzen duen arren, zenbait salbuespen onartzen ditu agindu berriak; tartean, Azpeitiko sokamuturra.
Sokamuturraren antolatzailea Azpeitiko Udala izanik, erakunde horri dagokio inauterietan zezenaren bueltako ikuskizunak egiteko eskaera ofiziala egitea, eta Mikel Odriozola Festa batzordeburuak Gukari baieztatu dionez, udalak dagoeneko egina du hori. "Guk, urtero, Eusko Jaurlaritzaren Joko eta Ikuskizunen Zuzendaritzari egiten diogu herrian sokamuturra egiteko eskaera, eta dagoeneko beharrezko dokumentazio guztia bidalita daukagu. Gaiaren gainean egon gara, Jaurlaritzarekin zein Gipuzkoako Foru Aldundiarekin harremanetan, eta gaurko agindua kaleratu aurretik ere bagenekien bazela sokamuturra gauzatzeko aukera. Horregatik, lanak aurreratuta genituen".
Zezen Beltz elkarteko kideek ere, nola ez, "oso-oso pozik" hartu dute albistea. Hala adierazi du Urko Arrieta elkartearen bozeramaileak. "Sansebastianak zezenik gabe ospatu behar izan genituen, eta tristeak izan ziren, sekulako hutsunea sumatu genuen". Karnabalak, baina, beste modu batera bizitzeko aukera izango dute, betiko modura; izan ere, karnabalak zezenik gabe bizitzea ez dute planteatu ere egiten. "Kaleko zezenaren sustatzaile gisa, esan beharra daukagu sokamuturrak sekulako giroa sortzen duela herrian, ukaezina da hori".
Zezen Beltz elkarteak ahalegin guztiak egin ditu karnabaletan sokamuturra gauzatu ahal izateko, eta Arrietaren iritziz, beraiek eta beste hainbat elkartek egin duten lanaren fruitua da gaur goizean Jaurlaritzak argitaratu duen agindua. Abenduaren bukaeran erakunde horrek debekua ezarri bezain pronto ekin zioten hariak mugitzeari, eta abenduaren 30ean bertan Gipuzkoako Foru Aldundiari sansebastianetan eta karnabaletan Azpeitian sokamuturra egin ahal izateko eskaera helarazi zioten, dermatosi nodular kutsakorra hedatzeko arriskurik ez zela arrazoituta. Izan ere, gaixotasun hori zabaltzeko arriskurik handiena da ganadutegi desberdinetako animaliak nahastea, eta Azpeitian ez da horrelakorik gertatzen. Ganaduzale bakoitzak bere egunak izaten ditu, eta bere kamioia erabiltzen du animaliak garraiatzeko; horrenbestez, ustiategi desberdinetako animaliek ez dute elkarrekin kontakturik izaten.
Horrez gain, animaliak txertatzeko aukera ere bazenaren jakitun, txertaketa kanpaina ahal bezain azkarren egiteko eskaera ere egin zioten aldundiari beste elkarte batzuekin batera. "Gertuko albaitari baten bidez denbora guztian jardun gara gaiaren jarraipen zuzena egiten, txertaketa kanpaina zer puntutan zegoen eta abar, eta gaur esan dezakegun bakarra da oso-oso pozik gaudela albistearekin".
Arrietak ganaduzaleak izan ditu gogoan, eta haiei eskerrak emateko baliatu du aukera, azpimarra eginez Azpeitira zezenak ekarri ahal izateko urte guztian zehar egiten duten lanean. "Azpeitiko sokamuturra oso berezia da, ezaugarri jakin batzuk betetzen dituzten ganaduak ekartzea eskatzen du, eta horretarako sekulako lana egiten dute ganaduzaleek; beraz, iruditzen zaik haiek zaintzea dagokigula, baita haiei eskerrak ematea ere". Josu Arregi Lopene ganadutegiaren jabearekin harreman estua du Arrietak eta urte guztian nolako lana egiten duen nabarmendu du Zezen Beltzeko kideak.
Ganadua prestatzen
Azken urtea ez da gozoa izan bereziki Azpeitira zezenak ekartzen dituzten ganaduzaleentzat. Itziarko Saka ganadutegiak eta Bergarako Zezenak ganadutegiak animalia guztiak hil eta ukuiluak hustu behar izan zituzten tuberkulosiagatik. Hori horrela, aurtengo karnabaletan Lopene eta Saka izango dira Azpeitira zezenak ekarriko dituztenak, besterik ez dagoelako.
Hain zuzen ere, Saka ganadutegiaren jabe Asier Arrizabalagarekin egon da Guka, eta hark ere adierazi du "oso pozik" dagoela Azpeitiko karnabaletan sokamuturra egingo den albistearekin: "Nola ez naiz ba egongo pozik". Onartu du "urduri-urduri ere ez" zegoela, espero zutelako baimena etorriko zela: "Ia seguru geunden. Foru aldundiak esan zigun ahal zuena egingo zuela, eta egin du. Ez zuen logikarik Azpeitian sokamuturrik ez egiteak. Nafarroan ari dira zezenak botatzen, Errioxan ari dira, Aragoin ari dira, eta hemen ez? Hori ez zatekeen batere justua izango". Nabarmendu du, gainera, Azpeitian behintzat ez dago inolako arriskurik ganadutegi bateko animaliak beste batekoarekin nahasteko, bakoitzak bere kamioia erabiltzen duelako animaliak garraiatzeko.
Hori bai, Arrizabalagak aitortu du "oso urduri" dagoela, Azpeitian botako dituen zezenak sekula sokan ibili gabeak direlako. "Azpeitiko sokamuturra oso berezia da, eta han 30 edo 40 minutuz ibiltzeko edozein zezenek ez du balio. Nireak berriak dira, sekula ibili gabeak, eta ez dakit nola erantzungo duten".
Lopene ganadutegiko zezenek, aldiz, ezagutzen dute Azpeitiko sokamuturra, baina horrek ez dio "urduritasun puntu bat" edukitzea kentzen Josu Arregi ganaduzaleari. Albistearekin gustura, dagoeneko ganadua prestatzen hasita dagoela adierazi du. "Nahiz eta egoera beste bat zen, badaezpada, sansebastianetarako ere prestatu egin nuen ganadua, hori ezin baita egun batetik bestera egin". Karnabaletan, ordea, bai, Lopene ganadutegiko zezenak kalean ibiliko dira eta gogotsu da ganaduzalea. "Bazen garaia, eta azkenean iritsi zaigu karnabalak betiko moduan ospatu ahalko ditugun baieztapena".
Lopeneren zezenak Elegante Egunean eta astearte arratsaldean ibiliko dira kalean, eta Sakarenak astelehen arratsaldean eta astearte goizean.