Eguraldi tristea, baina giro alaia Matxinbentako jaietan

Ihintza Elustondo 2026ko otsailaren 1a

Beasaingo erraldoien eta buruhandien nahiz Ekaitz konpartsaren bisita jaso dute Matxinbentan, eta haiek nahiz bertaratu diren herritarrek itzulia egin dute auzoan barrena. Ondoren, txokolate jana izan da, eta Julen magoak ikuskizuna eskaini du auzo eskolako lokalean. Gauean, bertso afariaren bueltan elkartu dira. 

Ostiralean murgildu ziren Santa Ageda jaietan Matxinbenta auzoan, mus txapelketarekin. Atzo, larunbatez, eguraldiak ez zuen batere lagundu, baina jai giroan jarraitu zuten han. Arratsaldean, 16:00etan hasita, Beasaingo (Gipuzkoa) erraldoiak eta buruhandiak izan ziren Matxinbentan, Ekaitz konpartsarekin batera. Auzoan barrena itzulia egin zuten erraldoiek, eta haurrak izutzen aritu ziren buruhandiak. Eguraldi tristea egin arren, hainbat herritar bertaratu ziren, eta erraldoien atzetik itzulia egin zuten auzoan barrena; modu horretan, pixka bat alaitu zen zeruak zuen bisaje iluna. 

Horren ondoren, sabelak betetzeko eta berotan sartzeko, txokolate beroa dastatzeko aukera izan zen, eta jarraian, Julen magoak ikuskizuna eskaini zuen auzo eskolako lokalean. Zur eta lur gelditu ziren bertaratu ziren haurrak haren trikimailuekin. 

Gauean, bertso afaria izan zen Beheko Tabernan. Nerea Ibarzabal eta Jon Gurrutxaga bertsolariak aritu ziren kantari, Garixe eta Txino trikitilariek lagunduta. 

Egitaraua

Gaur, igandea

  • 10:30. Beasaingo txistulariak.
  • 11:00. Meza.
  • Ondoren, hamaiketakoa.
  • Gero, pilota partidak, Azpeitiko Ilunpe elkarteko eta Beasaingo pilotariekin.
  • 12:30. Herri kirolak. Aizkoran, Mikel Larrañagak Unai Etxeberriaren eta Igoin Pikabearen aurka jokatuko du. Harri jasotzen, berriz, Olaia Esnaola eta Udane Ostolaza ariko dira. Itzeder eta Txibilter trikitilariek girotuko dute erakustaldia.
  • 17:00. Ardi mozte erakustaldia.
  • Ondoren, festetako otarrearen zozketa.

Otsailak 5, osteguna. Santa Ageda eguna

  • 11:00. Meza.
  • Ondoren, hamaiketakoa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide