Izarraizpe ikastolaren Perdillegiko eraikinaren jolastokia, berrituta

Julene Frantzesena 2026ko urtarrilaren 29a

Bi eremu nagusi ditu jolastokiak: kirol jarduerarako gunea eta eremu mistoa. 600.000 euroko aurrekontua izan dute jolastokia berritzeko lanek, eta bigarren fasea egingo dute aurten; estalki bat jarriko dute. Ikastetxeko ikasleekin egindako parte hartze prozesuaren ondorio izan da eremuaren diseinu berria.

Izarraizpe ikastola publikoaren Perdillegi kaleko eraikinaren jolastokia berritu du Azpeitiko Udalak. Ikastetxeko ikasleekin egindako parte hartze prozesuaren ondorio izan da eremuaren diseinu berria, eta hainbat jolasetarako egokitu dute dagoeneko erabilgarri dagoen ataria.

Bi eremu nagusi ditu jolastokiak: kirol jarduerarako gunea eta eremu mistoa. Besteak beste, belar artifizialdun zorua duen futbol zelaia, hormigoizko zorudun kantxa, jauziak egiteko ohe elastikoak, jolas librerako eremua, ping-pongerako mahaiak, baratzea, txirristak nahiz egurrezko mahaiak. Horrez gain, eremua "birnaturalizatu" nahi izan dute, landaredia txertatuta.

600.000 euroko aurrekontua izan dute jolastokia berritzeko lanek, eta zenbateko horren %60 Eusko Jaurlaritzaren Udaleraiki programatik jaso du Azpeitiko Udalak.

Bigarren fasea, aurten

Jolastokia itxuraldatuta badago ere, bigarren fasea ere izango du berritze prozesuak. Aurtengo aurrekontuan 110.000 euro jaso ditu udalak, jolastokian estalkia egiteko. Bestalde, Izarraizpe ikastola publikoaren Euskal Herria auzuneko eraikindean komunak aldatuko ditu erakundeak.

Azpeitiko Udalak ikastetxeekin egina duen hitzarmenari esker, ikastetxeetako jolastokiak zabalik izaten dira egunero eskolaz kanpoko orduetan, asteburuetan barne. Beraz, Perdillegiko jolastokia ere erabilgarri da nahi duen herritar ororentzat.

(Argazkiak: Mailo Oiarzabal)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide