Inauteriak 2026

Artzain-inudeen desfilean danborra jo nahi dutenek eman dezakete izena dagoeneko

Julene Frantzesena 2026ko urtarrilaren 23a

Danbor taldea iazko Jai Karnabalean plazara iristen. (Andoni Elduaien)

Otsailaren 15ean, igandez, izango da aurtengo Jai Karnabala. Artzain-inudeekin kalez kale danborra jotzen aritu nahi dutenek udaleko Kultura sailean eman dezakete izena. Bi entsegu antolatu dituzte: otsailaren 6an eta 12an izango dira. Itsasik, halaber, desfilean figurante aritzeko deia egin die herritarrei.

Sansebastianak bukatu dira, eta herritar hainbat karnabalen esperoan dira dagoeneko. Gainera, danborra jotzeko gogoz geratu direnek aurki izango dute horretarako beste aukera bat; izan ere, Jai Karnabaleko artzain-inudeen kalejiran danbor taldea aterako da aurten ere.

Otsailaren 15ean, igandez, izango da aurtengo Jai Karnabala, eta artzain-inudeen eguerdiko desfilearekin aterako den danbor taldean parte hartu nahi dutenek dagoeneko eman dezakete izena. Horiek Azpeitiko Udaleko Kultura sailera jo dezakete, udaletxera joanda edo 943-15 70 68 telefono zenbakira deituta.

Danbor jotzaileek bi pieza joko dituzte desfilean, bata bestearen atzetik, eta horiek entseatzeko bi hitzordu jarri dituzte. Otsailaren 6an, ostiralez, eta otsailaren 12an, ostegunez, egingo dituzte entseguak, 20:00etan hasita, Itsasi dantza taldearen egoitzan (Urola kalea 6, behea).

Bestalde, Elegante Eguneko desfilean figurante lanetan aritzeko gonbidapena egin die Itsasik herritarrei. Parte hartzeko prest dauden herritarrek itsasieuskalkulturtaldea@gmail.com helbidera mezua idatzi beharko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide