Euskal Herrian Euskaraz taldeak (EHE) Euskaltzale Independentisten Topaketak antolatuko ditu bigarrenez, eta Azpeitian izango direla iragarri du. Gaur-gaurkoz, ez du egitarauaren inguruko xehetasunik zabaldu, baina data gordetzeko dei egin die EHEk euskaltzaleei: apirilaren 24an eta 25ean egingo dituzte topaketak.
Euskararen Errepublika eraikitzeko bidea aztertzea nahiz adostea dute helburu topaketok. 2023ko urriaren 7an eta 8an egin zituen lehenengo aldiz Euskal Herrian Euskaraz taldeak Villabonako (Gipuzkoa) Gurea antzokian, eta arrakasta izan zuten: berrehun lagun inguru bildu ziren lehenengo eguneko mahai inguru nagusian.
Mahai inguruak, hitzaldiak, ekitaldi politikoa, manifestazioa, kirol ikuskizunak eta kontzertuak izan ziren Villabonako topaketan, eta besteak beste, euskara biziberritzeko borrokan gazteek egiten duten lanaren inguruan, euskaldunen kontrako erasoen inguruan eta kulturgintzaren nahiz intersekzionalitatearen bueltan aritu ziren.
Euskararen Errepublikaren bidean "jauzi" bat eman behar dela esan zuten Euskal Herrian Euskarazeko arduradunek 2023ko ekitaldi politiko nagusian, eta apirilean Azpeitian egingo dituen topaketekin, helburu horren bidean urrats berri bat egin nahi du.