Hotz esnatu da eguna, eta are hotzago amaituko dela dirudi. Hotzak hotz, azpeitiarrek harrera beroa egin diete gaur, Errege bezpera, Meltxorri, Gasparri eta Baltasarri. Arratsaldean iritsi dira Azpeitira, Txu-txu trenean. Lasaon ohiko geldialdia eginda, 17:00ak aldera iritsi dira Soreasuko Sebastian Deunaren parrokiara, eta han bildutako herritarrak agurtzeko tartea hartu dute, parrokiako Jaiotza bisitatu aurretik. Ondoren, atsedenerako tartea hartu dute, eta 19:00etarako igerilekura jo dute, handik hasi baita kabalkada.
Urtero bezala, 19:00ak pasatxo abiatu da Errege Magoen desfilea igerilekuaren paretik, Sanjuandegi aldera. Jose Antonio Agirre plazaren ondotik igaro ostean, Jose Artetxe kaletik Goiko kalera hartu dute, jarraian Alde Zaharreko lau kaleak zeharkatzeko. Kaleko argiak itzalita, herriko ikasleen antortxek argitu dute bidea. Hotza eginagatik, eskularru eta bufanda potoloak soinean jantzita, jende ugari bildu da ibilbidean zehar Errege Magoak agurtzeko; izan ere, ez dago haurren ilusioa izozterik. Aurten, Baltasarrek jaso du harrerarik beroena, eta haurrek zein helduek gogotik gozatu dute hura agurtzen. Iaz, sona handia hartu zuen hark Azpeitian esandakoek, besteak beste, euskaraz hitz eginez arrazakeriaren kontra agertu baitzen.
Hiru erregeak 20:00 igarota iritsi dira plazara, eta ordurako jendetza zegoen han, hiru pertsonaiak udaletxean ikusteko. Jendez bete da plaza azken urteetako joerari jarraituta, eta erregeak udaletxeko balkoira igotzean, hitza hartu dute plazan bildutako ehunka herritarrei zuzentzeko. Meltxorrek eta Gasparrek festaz gozatzeko deia egin diete plazan bildutakoei, eta Baltasarrek aldarrirako ere probestu du hitzartzea. Hain zuzen, gogoan izan ditu migratzaileak –haiekin errespetuz aritzeko deia egin du–, gurasoak nahiz aiton-amonak "horiek baitira benetan hezten gaituztenak". Era berean, osasungintzako nahiz zaintza arloko langileak hartu ditu gogoan, eta haien lana goraipatu du. Amaitzeko, festaz gozatzeko deia egin du. "Gora Azpeitia!" oihuarekin eta bertaratutaoen txalo zaparrada artean agurtu dira Errege Magoak.
Ibilbidean zehar ez dute gozokirik bota, 2024an hartutako neurria tarteko. Izan da haien falta nabaritu duenik, baina kabalkada amaitzean, Errege Magoen laguntzaileek hainbat karamelu jaurti dituzte Sanagustinpean, eta gaztetxo ugari bertaratu da horiek harrapatzera.