Meltxor, Gaspar eta Baltasar erregeak iritsi dira Azpeitira. Ohiko legez, Lasaora joan dira aurrena (16:15 inguruan), han ziren haurrak agurtzera, eta txu-txu trenean egin dute handik herrigunerako bidaia, hainbat herritarrekin batera.
17:00 ingururako, dozenaka haur eta gaztetxo zain zituzten Soreasuko Sebastian Donearen parrokiaren atarian; izan ere, han egin dute erregeek bigarren geldialdia. Elizaren atarian zirenek erregeekin argazkiak ateratzeko-eta baliatu dute aukera, eta batzuk eta besteak agurtuta, parrokiara sartu dira erregeak, hango jaiotza ikustera. Barruan zituzten zain hainbat elizkoi –tartean parrokiako jaiotzaz arduratzen den lantaldeko kideak–, baita haien gertukoak ere, eta haur batzuek erregeekin egoteko aukera izan dute.
Elizako ateak berriro zabaltzearekin atera dira atarira hiru erregeak eta haien laguntzaileak. Gozoki ugari bota dituzte horiek berriro txu-txu trenera iritsi bitartean, eta ume hainbatekin atera dituzte argazkiak, era berean. Trenean joan dira atseden hartzera; izan ere, ordu eta erdi barru aterako dira atzera kalera.
Hiru erregeak ikusteko aukera izango da berriro ere 19:00etatik aurrera. Hain zuzen ere, ordu horretan abiatuko da kabalkada igerilekuaren aurretik, eta Sanjuandegin barrena ibilita, Alde Zaharrera iritsiko dira erregeak, haien laguntzaileak nahiz ikastetxeetako ikasleak. Kalez kale ibilita, 20:00en bueltan iritsiko dira denak plazara, eta erregeak udaletxeko balkoira igoko dira herritarrak agurtzera.