Energia berriztagarria ekoizteko teknologiak interesgarriak eta onak izan daitezkeela ukatu gabe, horiek zabaltzearekin batera beste neurri batzuk ezarri behar direlakoan dago Alain Arruti (Azpeitia, 1996), LPS Honi Ez dinamikako kidea; murrizketa aipatu du, besteak beste. Eusko Jaurlaritzak aurki onartuko du energia berriztagarrien lurralde plan sektoriala (LPS), eta, hain justu, Arrutik nabarmendu du «orientabide ekonomikoa» dela, eta ez ekologiaren eta gizartearen ongizatearen aldekoa.
Aurkezpenean salatu zenuten LPSan «zabarki» egin dela lurraldearen banaketa. Zergatik diozue hori?
LPSaren barruan, badago lurraldearen kategorizazio bat. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako mapa orokor bat egiten du, lurraldea ahalmenaren arabera sailkatuta, eta lur asko sartu dituzte egoki moduan. Azpeitiaren inguruan, adibidez, Sañu aldeko lurraldea egokitzat dago sailkatuta, besteak beste. Baina kategorizazio hori zorrotz egin da? Ez da gauza bera nonbait haizea ibiltzen dela adieraztea eta toki horren balio ekologikoaren, ingurumen inpaktu posibleen eta errendimendu ekonomikoaren arteko balantze bat egitea.
Sañuren adibidera itzulita, han egitekoa zuten Piaspe parke eolikoa atzera bota zuten ingurumen inpaktu handia izango zuela eta. Orduan, LPSaren arabera egokia den leku batean proiektu bat aurkezten badute, baina alegazioen eta txosten tekniko zehatzen bitartez demostratzen bada egiatan ez dela leku egokia duen balio ekologiko handiagatik, horrek esan nahi du mapa orokor hori brotxa lodiz egin dutela. Noski, etekin ekonomikoa eta energetikoa lortzeko egin zen proiektua, baina horiek ez dira aldagai bakarrak.
Nolakoa beharko luke izan lurraldearen plangintzak?
Uste dut lurralde planifikazio batek, benetan beharrezko dela uste dudan horrek, gutxienez bi orientabide izan behar dituela: lehenik eta behin, orientabide ekologikoa. Hau da, orientabide garbi bat behar da proiektua instalatua izango den lekuan izan daitezkeen inpaktu ekologikoei buruz. Bestalde, gizakien ongizateari dagokion proiekzio bat ere egin behar da. Proiektu batek modua eman behar du herritarren baldintzak hobetzeko, ez baldintza ekonomiko-materialak soilik, baizik eta bizi baldintzak orokorrean.
Klima aldaketari aurre egitea, esaterako, bi afera horietan txertatuta dago. Baina bi orientabide horiei jarraituz, ikusi behar da, modu partikularrean eta zorrotz, ea eskala handiko energia berriztagarrien proiektu batek hor lekua duen edo ez.
Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Berria egunkarian.