Inar optika eta audio zentroak irabazi du Gabonetako XIV. Erakusleiho Lehiaketa

Andoni Elduaien 2025eko abenduaren 30a

Kontxi arrandegiak jaso du lehiaketaren bigarren saria, eta Irene Altuna loradendak, hirugarrena. Sari horiek banatzeaz gain, 25, 50 eta 175 urte bete dituzten herriko merkatariei aitortza egin diete Bertan merkatari elkarteak eta udalak. Gabonetako ginkanako eta Izan Moxal marrazki lehiaketako sariak ere gaur banatu dituzte.

Azpeitiko Udalak eta Bertan merkatari elkarteak Gabonetako sariak banatzeko ekitaldia egin dute gaur, asteartea, Sanagustin kulturgunean. Herriko merkataritza eta herritarren parte hartzea oinarri hartuta, Gabonen bueltan merkatari elkarteak eta udalak elkarrekin antolatu dituzten hainbat egitasmotako sariak eta aitortzak banatu dituzte ekitaldian. Xabier Aldalur nahiz Usoa Etxeberria Bertaneko teknikariek eta Ander Larrañaga zinegotziak parte hartu dute gaurko ekitaldian.

Batetik, XIV. Gabonetako Erakusleiho Lehiaketako sariak banatu dituzte. Bertanek eta udalak Gabonetan erakusleihoak apaintzeko herriko merkatariek egindako "ahalegina eta sormena" aitortu nahi izan dituzte. 1.200 euro banatu dituzte, eta epaimahaikideen arabera, Inar optika eta audio zentroarena izan da aurtengo erakusleihorik onena; irabazleak 600 euroko saria jaso du. Bigarren saria Kontxi arrandegiak eskuratu du (400 euro), eta hirugarren saria Irene Altuna loradendak (200 euro). Jorge Malkorrak, Naroa Do Pedreirok eta Miriam Quintanak osatu dute lehiaketako epaimahaia, eta haiek azaldu dute "lan zaila" izan dutela saridunak aukeratzeko orduan. "Lehia estua izan da saltoki ezberdinen artean", azaldu dute. Era berean, antolatzaileek azpimarratu dute erakusleihoek herriko kaleei "Gabonetako giro berezia" ematen dietela, eta horrek "tokiko merkataritza dinamizatzen" laguntzen duela. 

Bestalde, 2025. urtean urteurren biribila bete duten saltokiei aitortza berezia egin nahi izan diete Bertanek eta udalak, tokiko merkataritzaren "jarraikortasunari eta ekarpenari balioa" emanez. Azpeitian urte luzez lanean aritu diren negozioen "lana eta konpromisoa" eskertu nahi izan dituzte, baita tokiko merkataritzak "herriaren garapen ekonomikoan nahiz sozialean duen funtsezko eginkizuna" nabarmendu ere. 

Gaur, 25, 50 eta 175 urte bete dituzten saltokiei egin diete aitortza. 175 urte bete dituztenen artean daude Kiruri jatetxea eta Sein brikolaje denda; 50 urte bete dituztenen artean daude Jostaldi Kirolak denda eta Ordulari saltokia; eta azkenik, 25 urte bete dituztenen artean daude Aldanet Informatika, Arku nahiz Biur arropa dendak, Osatuz fisioterapia zentroa, Ekain albaitaritza zentroa eta Larrañaga hotela.

Beste sariak

Erakusleiho lehiaketako sariak banatu eta saltokien urteurrenetako aitortza bereziak egiteaz gain, gaurko ekitaldian Izan Moxal marrazki lehiaketako sariak eta Olentzeroren eta Mari Domingiren Gabonetako ginkanako sariak ere banatu dituzte, familiek eta haurrek Gabonetako programan izan duten parte hartzea agerian utziz. 

Izan Moxal marrazki lehiaketan parte hartu dutenen artean 20 euroko hamabi erosketa bonu zozkatu dituzte. Olentzeroren eta Mari Domingiren ginkanari dagokionez, berriz, 1.500 euro banatu dituzte. 500 euroko bi erosketa bonu jaso dituzte Arantxa Segurolak eta Maite Azkuek, eta 100 euroko bost erosketa bonu irabazi dituzte Miren Arzallusek, Lorena Tamayok, Miren Arregik, Maite Izagirrek eta Maite Urbistondok.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide