Haurrek eta nerabeek teknologia berriarekin duten harremanak izan ditzkeen arriskuak ezagutarazteko nahiz gurasoei gomendio batzuk emateko bi hitzaldi antolatu ditu Azpeitiko Altxa Burua taldeak udalaren laguntzarekin. Astelehenean izango da lehenenengo solasaldia, 18:00etan, Basazabal jauregian. Bigarrena, berriz, urtarrilaren 22an. Bi hitzaldiak doakoak izango dira, hala ere, interesa duten herritarrek izena eman beharko dute.
Mikel Cerezo gizarte hezitzailea, adikizioetan aditua eta Altxa Burua taldeko kidea arituko da hizlari asteleheneko solasaldian. Teknologia berriak: gurasoentzako gomendioak hitzaldia eskainiko du, eta bereziki DBHko ikasleen gurasoei zuzendutako saioa izango da. Gailu digitalen erabilerak nerabe eta gazteen osasunean eta egunerokoan izan ditzakeen arriskuak izango ditu hizpide Cerezok, eta era berean, arrisku horiek prebenitzeko estrategiak ezagutaraziko ditu. Esteka honetan eman daiteke solasaldi horretarako izena.
Urtarrilaren 22an, bestalde, Itxaso Marti neuropediatrak gailu digitalek osasun fisikoan, psikologikoan eta neurogarapenean dituzten ondorioen berri emango du. Solasaldia HH, LH eta DBH1 nahiz DBH2 mailetako ikasleen gurasoei bideratuta egongo da nagusiki. Basazabal jauregian izango da saio hau ere, 18:00etan hasita. Esteka honetan eman daiteke solasaldi horretarako izena.