Elizkalean alokairurako hamasei etxe eraikitzeko Jaurlaritzarekin akordioa egingo du udalak

Nerea Uranga 2025eko abenduaren 3a

Elizkalean alokairurako etxebizitzak eraikiko dituzten tokia. (Nerea Uranga)

Abenduko ohiko udalbatzarrean Elizkalean alokairu sozialeko etxebizitzak eraikitzeko Eusko Jaurlaritzarekin akordioa egitea erabaki dute aho batez. Batzarreko gai zerrendako erabaki denak aho batez onetsi dituzte udal hautetsiek. Galdera eta erreguen txandan, ordea, EAJk Esklabetako klase partikularrez eta obrez galdetu, eta ETAk Inaxio Uria hil zuela gaur 17 urte betetzen direla gogoan, udalak ekitaldi berezi bat antolatzea eskatu du.

Udaleko hainbat saili lotutako gaiak erabaki zituzten atzo arratsaldean udal hautetsiek, abenduko ohiko udalbatzarrean. Bilkurako gai zerrendako erabaki denak aho batez hartu zituzten EH Bilduren nahiz EAJren udal ordezkariek. Besteak beste, Elizkaleko 20 eta 24 zenbakien artean –Biziberri etxebizita tutelatuen alboan– alokairu sozialerako hamasei etxebizitza eraikitzeko Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailarekin akordioa egitea erabaki zuten atzo. Behin udalak erabakita, Azpeitia Berritzenen ere landuko dute gaia bihar.

"Asko kostatutakoa" izan da Elizkalean alokairu sozialerako etxebizitzak eraikitzeko akordioa, Nagore Alkorta alkatearen arabera. "Orain, Eusko Jaurlaritzari dagokio Elizkalean etxebizitzak eraikitzeko deialdia, lizitazioa eta abar egitea. Azpeitiko Udalak egin beharrekoak eginda ditu, Plan Berezia onartuta du etxe horiek eraiki ahal izateko eta proiektua ere eginda dago", azaldu zuen alkateak atzoko batzarrean. Alokairurako etxe horiek noizko bukatuta egongo diren galdetuta, "gutxienez pare bat urte" beharko direla uste du hark.

2022ko martxoaren erdian Elizkaleko 24. zenbakidun etxebizitzaren zati bat erori egin zen, eta handik egun gutxi barru Elizkaleko 24. eta 22. zenbakidun etxeak eraitsi zituen Azpeitiko Udalak, segurtasuna bermatzeko. Urtebete geroago, udalak jakinarazi zuen, Alde Zaharra biziberritzeko asmoz bost etxebizitza eraikin erosi zituela udalak; horietako lau Elizkalean –urtebete lehenago eraitsitako biak eta segidako beste biak–. Eraikinaren erosketaren berri eman zuenean udalak, aurreratu zuen ordurako Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailarekin elkarlanean hasita zegoela Elizkalean alokairu sozialerako hamasei etxebizitza eraikitzeko.

Beste erabaki batzuk

Etxebizitza hitzarmena erabakitzeaz gainera, 2026ko udal tasen eta zergen agintaraua behin betiko onartzea erabaki zuten atzo udal hautetsiek. Horrez gainera, atzo hartutako beste erabakiak honako hauek izan ziren: Azpeitiko udal igerilekurako bizikleta estatikoen alokairuko kontratua; etxez etxeko laguntza zerbitzuen tutoretzapeko etxebizitzen eta eguneko zentroaren kontratazio espedientea; Euskararen Eguneko udal adierazpena; eta, Nagore Alkorta alkateak kargu horri dagokion ordainsariari uko egitea. Azken erabaki horri lotuta, Alkortak adierazi zuen legez bi soldata publiko aldi berean ezin direla jaso, eta bera praktiketako funtzionarioa denez, alkate soldatari uko egitea dagokiola.

Galdera eta erreguen txandan, Jabier Altuna EAJren udal bozeramaileak hartu zuen hitza, eta Esklabetako ezker hegalean direnek udalaren baimenik gabe "obrak" egin al dituzten galdetu zuen, baita toki horretan klase partikularrak ematen dituztela iragarriz kalean kartelak azaldu direla aipatu ere: "Guri iritsi zaigun informazioaren arabera, Esklaben atzealdean edukiontzi bat egon da, eta obra baimenik ba al zuten galdetu genuen Hirigintza batzordean. Gainera, berriro azaldu dira herrian barrena Esklabetan klase partikularrak ematen hasiko direla dioten kartelak. Herritar batzuei obrak baimenik gabe egiteagatik zigorrak jartzen zaizkie, eta Esklabetakoei ez? Eta ez zaigu egokia iruditzen legez kanpo obrak egindako eraikin batean adin txikikoak egotea klaseak hartzen, eta uste dugu horretan baduela ardura bat udalak".

Esklabetako kexaren inguruan, alkateak EAJko ordezkariari erantzun zion, Esklabetako obren berririk ez zutela esanez eta adin txikikoak klase partikularretara nola bidali erabakitzea haien tutoreei edota gurasoei dagokiela: "Ttutoreak garen gurasook libre gara erabakitzeko gure adin txikikoak nora joaten diren klase partikularretara".

Bestalde, gaur 17 urte ETAk Inaxio Uria hil zuela gogora ekarrita, EAJren udal bozeramaileak beste eskaera bat ere egin zion udalari atzoko bilkuran: ETAren eta Komando Autonomoen herriko biktimei udalak babesa eta errekonozimendua adierazteko ekitaldia egitea. Hala adierazi zuen Altunak atzo: "Irailean, [Anjel] Otaegiren hilketari lotuta, udalaren babesa jaso zuen haren familiak. Orain dela bi aste, Franco diktadorea hil zeneko 50. urteurrena gogoratu genuen. Orain dela 50 urte bateren batek pentsatu izan balu Otaegik militatzen zuen erakundeak, 900 hildakoren ondoren, jubilatu abertzaleak hiltzen bukatuko zuela, ez dut uste inork sinistuko lukeenik. Hori esanda, hirugarren aldiz eskatuko dugu udalak babes eta errekonozimendu ekitaldia egin diezaiela ETAk eta Komando Autonomoek herrian eraildakoei" .

Alkateak jeltzaleen bozeramaileari adierazi zion Udal Gobernuko kideek –EH Bildu– ere, "ondo gogoan" dutela Inaxio Uria hil zuteneko urteurrena. "Memoria historikoaz ari garenean, guk beti diogu giza eskubideen urraketa guztien aurka gaudela eta horren inguruko lanketa egiten jarraituko dugula. Berresten dugu biktima guztiekin gaudela eta egongo garela, baita Inaxio Uriaren familiarekin ere", erantzun zion Alkortak EAJko udal hautetsiari.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide