Mahai bueltan ospatu dute San Eloi eguna

Mailo Oiarzabal 2025eko abenduaren 1a

Landetakoak arkume janean, gaur, Bordatxo tabernan. (Mailo Oiarzabal)

30 bat lagun elkartu dira arkumea jateko, Bordatxon. Datorren zapatuan izango dute festetako hurrengo eta azken hitzordua.

Astelehen buruzuririk ez da izan gaur Landetan. Ez, behintzat, San Eloi eguna ospatzeko aukera izan dutenentzat. Ostiraleko eta zapatuko hitzorduen ostean, atsedena hartu zuten atzo, baina gaur hartu dute tartea jaien zaindariaren eguna ospatzeko.

Eta, ohi dutenez, mahai bueltan ospatu dute San Eloi eguna landetarrek. Arkume jana egiteko izendatua zuten aurten abenduaren lehena, eta 30 bat lagun elkartu dira Bordatxo tabernan arkumearen kutixiez gozatzeko.

Bazkaria izan da gaurko festa hitzordu bakarra, baina saneloiak ez dira gaurkoarekin bukatuko. Datorren zapatuan, abenduaren 6an, ekintzaz betetako egitarauarekin agurtuko dituzte aurtengo festak Landetan. Hona hemen, saneloien azken eguneko egitarau osoa:

Abenduaren 6a, zapatua

  • 12:00. Azoka eta animalien erakusketa.
  • 12:00. Pintxoak eta sagardoa dastatzeko aukera izango da.
  • 13:00. Poniekin ibilaldiak, Lopene ganadutegiaren eskutik.
  • 13:30. Iagomagoren erakustaldia.
  • Segidan, orgaren bigarren zozketa.
  • 14:30. Bazkaria, Lau Bide jatetxean.
  • 16:30. Sokamuturra, Albara ganadutegiaren eskutik.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide