Azken urteetan Gabonen atarian usadio bihurtu den argazkia atera dute Goienetxe fundazioko kideek, Azpeitiko Udalekoek eta Bertan merkatari elkartekoek. Izan ere, Goienetxek kudeatzen duen Antxieta Etxeko eguneko zentroan buru-belarri aritu dira lanean azken asteetan aurtengo Gabonetan herriko eraikin publikoak, Bertaneko ehundik gora saltoki zein beste hainbat elkarte eta eragileren egoitzak apaintzeko erabiliko dituzten apaingarriak egiten, eta lan horren emaitzaren zati bat erakutsiz atera dute argazkia Antxieta Etxean bertan.
Materialak berrerabiliz osatu dituzte aurten ere Gabonetako apaingarriak Goienetxekoek. Kafe kapsulak, sokak, kartoia... askotariko materialei bigarren bizitza eman diete. Gainera, lehen aldiz, herriko ikasketxeekin elkarlanean aritu dira, eta horietan jasotako komuneko paperen kartoizko tutuak ere baliatu dituzte apaingarriak sortzeko.