Azaroak 25

Herriko erakusleihoak indarkeria matxistaren kontrako olerkiekin apaintzen ari dira

Aitziber Arzallus 2025eko azaroaren 19a

Urola Erdiko Itaiak sustatu du ekimena, eta herriko hainbat sortzailek eta hamazazpi saltokik parte hartu dute. Kaleak indarkeria matxistaren aurkako mezuekin jantzi nahi dituzte, herritarrak "matxismoaren aurkako kontzientziazio ariketa" egitera bultzatzeko.

Datorren asteartea Azaroaren 25a izango da, Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna, eta horren harira, Urola Erdiko Itaiako kideak eta Azpeitiko zenbait sortzaile elkarlanean, herriko hainbat saltokitako erakusleihoak indarkeria matxistaren aurkako olerkiekin apaintzen ari dira egunotan. Ekimenaren helburua da kaleak indarkeria matxistaren aurkako mezuekin janztea, herritarrek "matxismoaren aurkako kontzientziazio ariketa" egin dezaten. 

Izan ere, Itaiaren arabera, azken urteotan indarkeria matxistak normalizatzera egin du. Eraso matxistak eguneroko ogi izan arren, eta egoera "oso larria" izanagatik ere, "gizartean gero eta inpaktu txikiagoa" dutela uste du. "Horretan eragin zuzena daukate indarkeria matxistari garrantzia kendu edo zuzenean hori ukatzen duten diskurtsoak elikatzen dituzten alderdi ultraeskuindarrek eta influencer misoginoek, besteak beste".

Itaiak sustatutako ekimenean hamazazpi saltokik parte hartu dute; honako hauek: Furundarena, Kiribil, Agirre opari denda, Kilikolor, Luma, Arku, Sorgin, Arrospide, Koket, Alzuaran, Inar optika, Adi optika, Kotoi, Zume, Ilargi, Makibar eta Ertz. Astelehenean hasi ziren horien erakusleihoak apaintzen, eta larunbatean edo igandean bukatzea aurreikusten dute. 

Azaroaren 25erako, berriz, herritarrak indarkeria matxistaren aurka mobilizatzera deitu ditu Itaiak. Manifestazioa egingo dute, 19:00etan, plazatik abiatuta.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide