LABek ere Elmubasen atarian elkarretaratzera deitu du astearterako

Aitziber Arzallus 2025eko azaroaren 14a

Elmubas enpresa. (Mailo Oiarzabal)

LAB sindikatuaren arabera, hauteskunde prozesuaren hasierari bost kaleratzerekin erantzun dio Azpeitiko Elmubas enpresak, "bere ohiko jarrera antisindikala eta langileen eskubideekiko erasoak muturrera eramanda". Eraso horri aurre egiteko, azaroaren 18an enpresaren atarian egingo duten mobilizazioan parte hartzera dei egiten du sindikatuak.

Atzo ELA sindikatuak egin bezala, gaur LABek ere datorren astearte eguerdian Azpeitiko Elmubas enpresaren aurrean elkarretaratzera dei egin du. LABen hitzetan, "langileak prekarietatean eta lan baldintza eskasetan edukitzarekin nahikoa ez", eta "ohikoa duen jarrera antisindikalarekin, langileen eskubideei eraso egin die" Elmubasek. Izan ere, LABek salatu duenez, legezko ordezkaritza sindikala izateko hauteskunde prozesuaren hasierari bost kaleratzerekin erantzun dio enpresak; hain zuzen ere, "langileen askatasun sindikalaren eta antolatzeko oinarrizko eskubidearen aurkakoa den erabaki onartezin batekin".

Sindikatu horrek jakinarazi duenez, "berriki gutxieneko soldata propioa negoziatzeari uko egin dion eta irabaziak metatzea beste helbururik ez duen patronalaren eredu ankerrenaren adibidea da Elmubasen gertatutakoa". Izan ere, sindikatuaren arabera, "langileen prekarizazioa betikotzeko joerari beldurra sortzea helburu duten jazarpena eta mehatxuak gehitu dizkio".

Langileen eskubideetan atzerapausorik ez duela onartuko adierazi du LABek, eta eraso bakoitzari aurre egingo diola. "Langileon antolaketan sakontzea, klase elkartasuna eta borroka dira bide bakarrak, bortxaz bere pribilegioak zabaldu nahi dituen patronal berekoi eta arduragabeari aurre egiteko eta berdinen arteko Euskal Herri justu eta askea eraikitzeko". Horregatik, datorren asteartean, hilak 18, Elmubas enpresaren atarian 13:30ean egingo duten elkarretaratzean parte hartzera dei egin du sindikatuak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide