2025eko urriko egun batez, Donostiara joan nintzen paseatzera nire bikotekidearekin. Arratsaldean, 18:30 inguru zirenean, bikotekidea eta biok Donostiatik Azkoitira joango zen autobusaren zain jarri ginen, Azpeitira itzultzeko. Autobusa iritsi baino lehen, Caixaren kutxazainera joatea erabaki nuen –geltokiaren ondoan dago–, diru pixka bat ateratzera, autobusa oraindik ez zelako heldu eta ilararen erdialdean egonda, denbora ematen zidala pentsatu nuelako.
Dirua ateratzen ari nintzela, bikotekideak abisatu zidan autobusa iritsi zela. Ahalik eta azkarren joan nintzen autobusera, eta iritsi nintzenerako nire bikotekidea autobusera igotzeko lehen eskaileran zegoen. Bere atzean jarri nintzen, eta ordaintzeko txanda iritsi zitzaigun. Bikotekideak Mugi txartela pasatu zuenean, gidariak modu oldarkorrean eta zakarrean esan zigun bera ez zela gure zain egongo, eta, noski, ezin genuela ilaran jendea aurreratu. Gero, niri iritsi zitzaidan ordaintzeko unea, eta gidariak ikusi zuen janari azkarreko poltsa bat neramala esku artean (Burger Kingekoa). Alabari afaltzeko eraman behar genizkion nuggetak ziren. Hori ikustean, aurpegia zimurtu zuen eta esan zigun janariaren usainak molestatu egiten ziola eta ezingo genuela autobusera igo.
Autobusetik jaistera behartu gintuen, eta garrasi egin zigun handik joango al ginen edo ez galdezka. Janaria seinalatu nion, ea horrekin zer egin behar genuen galdetuz, eta berak atea itxi eta alde egin zuen autobusak. Bikotekideak Mugi txartelarekin ordaindu zuena itzuli ere ez zigun egin, gainera.