Azpeitiko batzokiari eta EAJri urriaren 7an egindako erasoa "arbuiatu" du Azpeitiko Udalak

Nerea Uranga 2025eko azaroaren 5a

Atzo Azpeitiko azaroko udalbatzarrean hautetsiak. (Nerea Uranga)

Gaztetxeko kideek batzokitik Palestinako bandera lapurtu eta plazako kioskoan jarri izana salatzeko mozioa aurkeztu du EAJk. Mozioaren sarrerako testuarekin ez, baina idatziaren hiru puntuekin bat etorri dira EH Bilduko udal ordezkariak. Horrez gainera, Azaroak 25 Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunerako adierazpena adostu eta onartu dute udaleko bi aldeek.

Azaroko ohiko udalbatzarra egin zuten atzo udal hautetsiek, eta landutako gaien artean bozkatu zituzten bi honakoak izan ziren: Palestinako bandera batzokitik kendu izana salatzeko EAJk udalbatzarrera eramandako mozioa eta Azaroaren 25ari Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunari lotutako udal adierazpena. Bi kasuetan alde egin zuten EAJkoek eta EH Bildukoek, baina jeltzaleek aurkeztutako mozioaren sarrerako testuarekin ez ziren ados agertu koalizioko kideak.

Urriaren 7ko gauean Azpeitiko Gaztetxeko kideek bandera batzokitik ebatsi eta plazako kioskoan jarri zuten, salatuz bandera hori "interes partidistetarako eta aurpegi zuriketarako" jarri zutela jeltzaleek. Gertaera hori salatzeko mozioa izan zen atzo EAJk aurkeztu zuena udal osoko bilkurara. EH Bilduko ordezkariek argi esan zuten EAJk aurkeztutako mozioaren sarrerako testuarekin ez zeudela ados, ondorioz mozioko hiru puntuak bakarrik bozkatuko eta onartuko zituztela zehaztu zuen Nagore Alkorta alkateak.

Bi aldeen botoekin onartutako mozioko hiru puntuak honakoak izan ziren: udaleko bi alderdi politikoek "arbuiatu" egin zuten Azpeitiko batzokiaren eta EAJren aurkako erasoa, haien ustez "alderdi politikoei eta hauen topalekuei egindako erasoak ez baitira demokratikoak". Horrez gain, "berretsi" egin zuten udalaren bizikidetzaren aldeko apustua, eta hura "hautsi nahi duten ekintza hauen aurrean" ez duela atzerapausorik emango adierazi zuten hautetsiek udalaren izenean. Eta hirugarrenik, udalak "denen artean eraikitako eta bizikidetzan eta errespetuan oinarrituriko Azpeitiaren alde" lan egingo duela onartu zuten atzo.

Mozioko hiru puntu horiek bozkatu aurretik, Jabier Altuna EAJren udal bozeramaileak beraiek aurkeztutako mozioaren sarrera irakurri zuen bilkuran. Hark adierazi zuen, Palestinako bandera batzokitik kentzea, erabat gaitzesten duten “beste eraso bat gehiago” izan dela. Ekintza hori Gaztetxearen “ezjakintasun politiko eta intolerantzia autoritarioaren eta sektarioaren adierazpide bat” dela salatu zuen EAJren ordezkariak, “pluraltasunaren eta adierazpen askatasunaren aurkako atentatu bat gehiago” delako. Era horretako ekintzak “totalitarismotik eta faxismotik” gertuago daude jeltzaleen ustez, “demokraziatik eta askatasunetik” baino. Eta haien ustez, “tamalgarria” da “eraso horren aldeko apustua” egiten dutenak egotea herrian, “beti ezkutuan, hitza eta elkarrizketa erabili beharrean”. EAJkoen ustez, Gaztetxeak bere gain hartu du “polizia, epaile eta exekutore” zeregina, Palestinako herria Gazan jasaten ari den genozidioaren “aurka nor egon daitekeen eta nor ez erabakiz”.

Azaroak 25eko adierazpena

Azaroak 25 Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunari lotutako adierazpena ere onartu zuten atzoko udal bilkuran, aho batez. Adierazpen hori aurretik Parekidetasun batzordean adostuta zuten bi aldeek eta hilaren 25ean argitaratuko dutela jakinarazi zuen Miren Arrieta Parekidetasun zinegotziak.

Dena den, Azpeitiko Udalak zein jarduera garatuko dituen azaldu zuen Arrietak. Honakoak dira jarduerak:

  • Kanpotik Azpeitira datozen pertsonentzako harrera eta integrazio programak garatzea, “bereziki” emakumeengan eta neskengan arreta jarriz.
  • Hezkuntza, osasun, kultura eta aisialdi inguruneetan laguntza sareak sustatzea, indarkeria matxistaren aurkako borrokaren esparruan elkarri laguntzeko ekimenak egiteko.
  • Sentsibilizazio eta kontzientziazio kanpainak garatzea, emakumeen aurkako indarkeria matxista legitimatzen duten diskurtsoak eta jarrerak desaktibatzeko.
  • Indarkeria matxista kasuen aurrean herritarren mobilizazioa sustatzea, indarkeria gaitzesteko eta biktimekiko elkartasuna adierazteko.
  • Tokiko emakumeen mugimenduei eta mugimendu feministari laguntzea eta haiekin koordinatzea, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak babesteko.
  • Indarkeria matxistari aurre egiten dioten emakumeekin lanean aritzen den Iparrizar zerbitzua indartzea eta hobetzea.
  • Udaleko Parekidetasun sailaren baliabide ekonomikoak eta giza baliabideak egonkortzen eta indartzen jarraitzea.

Beste gaiak

Beste gai batzuk ere erabaki zituzten atzoko udalbatzarrean, denak aho batez. Besteak beste, Azpeitiko HAPOko Alde Zaharra 1 Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren bederetzigarren artikulua aldatzeari hasierako onespena eman zioten; artikulu horrek, Alde Zaharreko etxebizitzen teilatuaren hegala etxaurretik bi metrora artekoa izatea arautuko du. Gaia Hirigintza batzordean landuta zuten aurretik udal ordezkariek, eta oinarrian arau baten aldaketa dela adierazi zuen atzo alkateak. Orain, 30 lanegunez jendaurrean egongo da.

Agitax taxien Gipuzkoako elkarteak 2026. ekitaldirako egin duen hiri barruko tarifen aldaketarako proposamena onartzea ere erabaki zuten atzo udal hautetsiek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide