Azpeitiko Gugas zerbitzugunean gasolina gasolioarekin nahastu dute asteburuan

Aitziber Arzallus 2025eko azaroaren 4a

Gugasek Azpeitian duen zerbitzugunea, Landetan, Gazteko biribilgunearen alboan. (Aitziber Arzallus)

Zerbitzuguneko arduradunek Gukari baieztatu diotenez, ostiralean 18:00etatik aurrera gasolina bota dutenei eragiten die akatsak; gasolioa bota dutenei, ez. 

Gazteko biribilgunearen alboan dagoen Gugas zerbitzugunean ostiralean 18:00etatik aurrera gasolina bota duten herritarrek arazoak izan ditzakete beren ibilgailuetan. Izan ere, oharkabean gasolioa bota zuten gasolinaren depositura, eta horrenbestez, asteburuan gasolina hornitzera joan direnek bi erregaien arteko nahasketa bota dute autora. Zerbitzugunearen arduradunek Gukari baieztatu diotenez, gasolina bota duten herritarrei bakarrik eragiten die akatsak; gasolioa bota dutenei, ez. 

Iturri horrek hedabide honi ziurtatu dio akatsa zerbitzugunearen hornitzailearena izan zela, baina, hala ere, eragin dituzten kalteei aurre egingo dietela. Horretarako, asteburuan autora gasolina bota duten herritarrek zerbitzugunearen arduradunekin jarri beharko dute harremanetan bertara joanda edo 688 86 76 87 telefono zenbakira deituta. Ondoren, tailerreko aurrekontua aurkeztu beharko dute, zerbitzuguneko arduradunak egin daitezen autoa konpontzearen gastuen kargu. 

Zerbitzugunea itxita dago uneotan, baina bertan dagoen bulegoan langile bat ari da galdezka doazen herritarrei informazioa ematen. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide