Patxo Telleria: "Mikel Laboaren kanta batzuen berrirakurketa da 'Ai, gure juaneteak!' antzezlana"

Nerea Uranga 2025eko azaroaren 4a

Patxo Telleria aktorea, 'Ai, gure juaneteak!' obran. (Tartean teatroa)

Ai, gure juaneteak! antzezlana egingo du Patxo Telleriak ostiralean, azaroaren 7an, 21:30ean hasita Sanagustin kulturgunean, Azpeitiko 43. Euskal Antzerki Topaketen barruan. Hitzez eta musikaz osatutako obra da.

Joan den asteburuan hasi ziren Azpeitiko 43. Euskal Antzerki Topaketak antzerki zaleen harrera bikainarekin. Aste honetarako ere topaketen barruan eskaintza bikaina izango da ostegunetik igandera artean. Ostiralean, azaroaren 7an, Ai, gure juaneteak! antzezlana egingo du Tartean teatroak, 21:30ean, Sanagustin kulturgunean. Patxo Telleria aktorea da obraren egilea eta aktorea. Antzezlana liburu batean ere jasota du Telleriak eta antzerki emanaldiaren bukaeran erosteko aukera jarriko dute kulturgunean bertan. Horrez gainera, hainbat plataformatan ere entzun daiteke Ai, gure juaneteak! lana. Antzerkirako sarrerak salgai daude antzerkitopaketak.eus webgunean.

Ai, gure juaneteak! antzezlana aurkeztuko duzue ostiralean, azaroaren 7an, Euskal Antzerki Topaketetan. Zu zara lanaren egilea eta aktorea. Nondik nora sortutako obra da?

Bide berri bat jorratu eta eszenaratze mota desberdin bat esperimentatu nahi genuen Tartean konpainiakook. Horretarako, estilo nahasketa batez baliatu gara; alegia, antzerkia, errezitaldia eta musika batu ditugu, gai zehatz baten inguruan aritzeko. Gaur egungo ikuspegitik, Mikel Laboaren kanta batzuen berrirakurketa da antzezlana. Laboak egindako proposamenetik abiatuta, musika eta hitzak berritu ditugu. Antzezlanean azaltzen dugu zergatik jo dugun beste bide batera eta zergatik ematen diogun ikuspuntu hori. Azken finean, oso pertsonala da ekarpena; garai batean modu batean ulertzen nituen Mikel Laboaren kantak, eta gaur egun desberdina da kantu horiek ulertzeko dudan modua.

Agertokian zu zara aktore bakarra, eta, aldi berean, musikari ere ariko zara.

Bai, eta nirekin batera Adrian Garcia de Los Ojos eta Maider Lopez musikariak ariko dira; nolabait, momentu batzuetan performance egileak ere badira, ikuskizunaren parte direlako. Eszenatokian ikusten ez dena Jokin Oregi da, baina zuzendaritza eszenikoa haren lana da.

Obra Mikel Laboaren hainbat kanturen berrirakurketa dela esan duzu. Nola egin duzue hori?

Bai, hori da gure asmoa. Nik kantak esan egiten ditut, ingelesez ezagutzen den eran. Poesia edo literatura da, baina rapetik eta hip-hopetik ere badu zerbait; azken finean, hizkera errimatua da eta neurria erabat askea. Esaleak ematen dio erritmoa eta segida esaten denari, eta metrikaren morrontzatik kanpo ere badago, bertsolaritza klasikotik urrunduz. Zentzu horretan oso askea da, eta horrek elastikotasuna eta plastikotasuna ematen dizkio ikuskizunari. Alde horretatik, oso gaur egungo ikuskizuna da. Gaiari heltzeko moduagatik ironia lantzen dugu, nolabaiteko distantzia historikoa eta emozionala landuz. Mikel Laboaren ondarea erabat errespetatuz eta mirestuz egin dugu obra, baina galtzerdi horri buelta eman diogu gaur egungo gure moldera ekartzeko.

Euskal Antzerki Topaketen barruan aurkeztuko duzu lana Azpeitian. Aurretik ere ezagutzen duzu plaza hori. Euskal antzezle batentzat zer dira topaketak?

Urte asko daramatzat antzerkigintzan lanean, eta behin baino gehiagotan, baina nahi baino gutxiagotan, egon izan naiz Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan. Gaur egun, euskarazko antzerkiak urrezko aroa bizi duenik ez nuke esango, baina garai baten aldean euskarazko antzerkiaren eskaintza askoz handiagoa da egun. Izan ere, topaketen aurreneko urteetan, oso gutxi ziren euskara hutsez modu profesionalean sortutako antzezlanak, eta batzuetan, arazoak izaten ziren programazio oso bat osatzeko. Zentzu horretan, Azpeitiko jaialdiak egindako lana oso inportantea da, eta Euskal Antzerki Topaketek indarra eta garrantzia dituzte euskal antzerkiaren historian eragin dutenagatik.

Azpeitiko 43. Euskal Antzerki Topaketak. Datozenak:

- Azaroak 6, osteguna. Igogailu batean amaitu zen mundua (Amahiru konpainia). 19:00etan, Dinamoa sormen gunean.

- Azaroak 7, ostirala. Ai, gure juaneteak! (Tartean teatroa). 21:30ean, Sanagustin kulturgunean. 

- Azaroak 8, larunbata. Eraitsi SL (Goitibera). 18:30ean, herriko plazan.

- Azaroak 9, igandea. Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta? (Tanttaka teatroa). 19:00etan, Soreasu antzokian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide