Hamabi upategitako ardoak dastatzeko aukera izango dute herritarrek zapatuan

Julene Frantzesena 2025eko azaroaren 4a

Ardo Egunaren sustatzaileak-eta egitasmoaren aurkezpenean. (Maddi Txintxurreta)

Ardo Dastaketa Egunaren 18. edizioa egingo dute 11:30etik 14:30 ingurura bitartean. Askotariko ardoak nahiz txorizo eta gazta pintxoak dastatzeko aukera izango da plazan. Euskal Herriko 11. Txorizo Egosi Lehiaketa ere egingo dute, eta txapelketan hogei bat harategik parte hartuko dutela aurreikusten dute.

Ardo Dastaketa Egunaren 18. edizioa izango da larunbatean, eta herritarrek hamabi upategitako ardoak dastatzeko parada izango dute goiz eta eguerdi partean. Gainera, egitasmo hori baliatuko dute 11. aldiz Euskal Herriko Txorizo Egosi Lehiaketa egiteko.

11:30ean hasiko da dastaketa, eta 14:30 aldera arte egongo dira irekita ardoen postuak. Ardo kopa euro baten trukean eskuratu ahal izango dute plazara joaten direnek, eta ardo dastaketarako txartelak, berriz, honako prezio hauetan: bi ardo trago, hiru eurotan; lau trago, bost eurotan; eta sei trago, zazpi eurotan. Txorizo egosi pintxoak, berriz, bi euroren trukean salduko dituzte. Gainera, herriko bi gaztandegitako kideek gazta pintxoak jarriko dituzte.

Urtero legez, elkartasunak ere izango du lekua ardoaren bueltako festan. Izan ere, Misio Taldeko zein Gaixo eta Elbarrien Aisialdi Taldeko kideek egosiko dituzte pintxoetarako txorizoak, baita horiek banatu ere. Halaber, egiteko horretan herriko beste talde bat ere ariko da aurtengoan: Izarraitz igeri elkartea. Bildutako dirua hiru elkarteentzako izango da.

Askotariko ardoak dastatu ahal izango dituzte herritarrek larunbatean. Hain zuzen ere, lau sor markatako hamabi upategik parte hartuko dute aurtengo hitzorduan: Arabar Errioxa sor marka duten Tobelos, Eguren Ugarte eta Ostatu; Errioxa sor markadun Zinio, Hariak Winery, Valcuerna, Lan, Salceda, Olarra eta Pierola; Nafarroako sor marka duen Inurrieta; eta Penedesko Juve & Camps.

Hogei bat harakin lehian

Euskal Herriko Txorizo Egosi Lehiaketarako izen-ematea ez dute guztiz itxi gaur-gaurkoz, baina antolatzaileek esan dute hogei bat harakinek parte hartuko dutela aurreikusten dutela. Ikusteko dago zein etxetakoa izango den jakirik onena, baina iaz Zegamako Oiarbide harategiko txorizoa izan zen nagusi, duela bi urte bezalaxe.

Egitasmoa girotzeko, mahatsez betetako aska bat ere jarriko dute plazan, eta Luis Alberdi Beltza-ren dantza suelto eskolako bikote batek zapalduko du mahatsa.

Azpeitiko Udalak antolatzen du Ardo Dastaketa Eguna, Dendarteanen, Odriozola Ardoaken, Ederto Harakelen eta Gipuzkoako Merkataritza Federazioaren laguntzarekin. Mikel Odriozola Azpeitiko Udaleko Festa batzordeburuaren hitzetan "osagai asko" biltzen dituen festa da ardoaren bueltakoa. "Jan-edanarekin lotura duten ekitaldiak asko gustatzen zaizkigu azpeitiarroi, eta ardo dastaketak ere jende asko animatzen du kalera. Gainera, ordu eta toki berean Euskal Herriko Txorizo egosi lehiaketa egiteak saltsa eransten dio egunari, nor izango den irabazlea jakin-mina sortzen delako". Gainera, upategientzat eta harakinentzat ere egun garrantzitsua izan ohi dela esan du, horiek beren produktuak ezagutarazteko aukera izaten dutelako.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide