Giro ederrean ekin diete Jubilatuen Asteko ekintzei

Aitziber Arzallus 2025eko azaroaren 3a

Goizean Matazak ibilbidea egin dute Emakumeen Txokoko kideekin batera, eta arratsaldean bingoan aritu dira Baigera II-n; bi jardueretan jubilatu ugarik parte hartu dute. Igandera bitarte egitarau bete-betea prestatu du Baigera elkarteak, eta asteari bukaera mahaiaren bueltan eta 90 urteko bazkideak omenduz emango diote.

Gaur goizean hasi eta igande iluntzera arte, era askotako jardueretan parte hartzeko aukera izango dute herriko jubilatuek, Baigera elkarteak antolatuta Jubilatuen Astea ospatuko baitute. Emakumeen Txokoko kideekin Matazak ibilbidea eginez ekin diote egunari, eta arratsaldean bingoan aritu dira Baigera II-n; jende ugarik parte hartu du bi jardueretan. 

Bihar Iago eta Julen magoen ikuskizunaz gozatu ahal izango dute, asteazkenean Ordiziako azokara irteera egingo dute, eta horrela, egunero-egunero, jarduera bat edo bi egiteko aukera izango dute. Asteari bukaera, berriz, ohiko moduan emango diote: mahaiaren bueltan elkartuta eta 90 urteko bazkideak omenduta. Zehazki, azaroaren 9an, adin horretara iritsi diren herritarrek oroigarri bana jasoko dute Azoka Plazan egingo duten bazkariaren ostean.

Hona hemen datozen egunetarako prestatu dute egitaraua:

Azaroaren 4a, asteartea

  • 16:30. Iago eta Julen magoen ikuskizuna Baigera I-eko tabernan.

Azaroaren 5a, asteazkena

  • 09:00. Ordiziako azokara egun-pasa.
  • 14:30. Bazkaria, Mandubiako Bentan.

Azaroaren 6a, osteguna

  • 10:00. Burdinbidearen Euskal Museora bisita eta lurrun trenean Lasaora buelta.
  • 17:00. Bingo saioa Baigera I-en.

Azaroaren 7a, ostirala

  • 16:30. Jesus Mari Mujikaren hitzaldia Basazabalen.
  • Ondoren, txokolate jana Baigera I-en.
  • Eguneko Zentroko kideek ere txokolate jana egingo dute.

Azaroaren 8a, zapatua

  • 09:00. Madariagatik Aittolara mendi irteera.
  • Gero, hamaiketakoa Aittola Zaharren.

Azaroaren 9a, igandea

  • 11:00. Hamaiketakoa Baigera I-en.
  • 12:30. Baigerako hildako bazkideen aldeko meza Soreasuko Sebastian Donearen parrokian.
  • 14:15. Bazkaria eta 90 urte betetzen dituztenei omenaldia, Azoka Plazan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide