Malen Astigarraga "10eko jokalariari" maila bereko omenaldia egin dio Lagun Onakek

Ihintza Elustondo 2025ko aza. 1a, 13:15

11 urtez Lagun Onaken jokatzen aritu ostean, joan zen sasoian utzi zuen futbola kapitainak, eta klubak omenaldia egin dio gaur, Ostadarren aurkako partidaren atarian. Harrobiko neskek pasilloa egin eta agurra dantzatu diote bi lagunek, eta oroigarriak ere eman dizkiote. "Eskerrik asko bihotzez urte hauetan guztietan eman diguzun denagatik", nabarmedu dute. 

Malen Astigarragari omenaldia egin diote gaur goizean Azpeitiko Garmendipe futbol zelaian. 11 urtez Lagun Onaken jokatzen aritu ostean, joan zen sasoian utzi zuen futbola kapitainak, eta klubak ez du oharkabean pasatzen utzi nahi izan emakumezkoen taldean erreferente izan den jokalari baten agurra. Horregatik, "6 zenbakiarekin aritu izan den 10eko jokalariaren omenez" jokatu dute gaur Lagun Onakek eta Ostadarrek neurketa. 

Lehenik, Lagun Onaken harrobian bidea urratzen ari diren neskek pasilloa egin diote Astigarragari; hura Iñigo Arregi presidentearen ondoan zelairatu da. Ondoren, haren bi lagun minek, Iraide Leundak eta Libe Lizasok, agurra dantzatu diote omenduari, Janitz Sorazuren txistu doinuekin lagunduta. Jarraian, presidenteak lore sorta eman dio Astigarragari, eta azkenik, Ane Balentziaga eta Joane Korta jokalariek Malen izena daraman kamiseta oparitu diote. Irribarrez jaso ditu hark oroigarri guztiak. 

Argazkiak ateratzean ekin dio Lagun Onakek partidari. Astigarragaren presentziak badirudi bultzada eman diola taldeari; izan ere, 5 eta 1 gailendu da taldea. Gainera, Joane Korta egungo kapitainak hiru gol egin ditu. Lehen gola, dena den, Ostadarrek egin du: 12 minutuan sartu du Maddi Lopezek. Ondorengo bost golak, baina, Lagun Onakek egin ditu: 24. minutuan sartu du aurrenekoa Kortak, June Casinak egin du bigarrena (70. minutuan), Kortak hirugarrena sartu du 75. minutuan, bi minutura laugarrena egin du hark, eta azken eta bosgarren gola 86. minutuan sartu du Sara Amenabarrek. Sekulako erakustaldia eman du, beraz, Joane Kortak. 

"Eskerrik asko bihotzez"

Astigarraga futbol zelaira irten denean, haren taldekideek mezu bat irakurri dute bozgorailuetatik. Honako hau zioen mezuak: "Gaurko honetan hemen bildu gara lagun, taldeko eta familiarteko denok zuri merezitako agurra emateko. Eskerrik asko bihotzez urte hauetan guztietan eman diguzun denagatik. Zelai barruan eta kanpoan beti izan zara eredu: zure konfiantzak, konpromisoak eta diziplinak gidatu gaituzte orain arte, eta bide bera jarraitzen saiatuko gara. Futbolerako zure grinak kutsatu gaitu denok, eta zure futbolerako ikuspegiari esker, partidu asko aurrera ateratzea lortu dugu. Nahiz eta batzuetan haserreak tartean izan, kapitain eredugarria izan zara. Gaur, urte askoan egin duzun lan hori eskertzea gustatuko litzaiguke. Eskerrik asko urte hauetan zure esperientziaren bitartez taldeko bakoitzari erakutsitakoagatik. Zure esentziak eta hutsuneak gure artean segituko dute". 

Omenaldia amaitzean, Astigarragak adierazi du "ilusioz" jaso duela gaurko aitortza, eta poz ematen diola atzetik zenbat neska datozen ikusteak. Astigarragak zelaiak utzi dituen arren, haren bidea urratzen segituko duen harrobia indartsu dator, beraz. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide