Urola Kostak trikitilari ugari eman izan ditu, eta emango ditu; atzokoa horren erakusgarri. Trikigiro Eguna ospatu zuten Azpeitian, eta eskualdeko 200 bat bat soinu eta pandero jotzaile elkartu zituen hitzorduak. 19:00etan plazatik abiatuta, umeak eta gazteak izan ziren trikiti doinuak herriko hainbat txokotara eraman zituztenak, hiru taldetan banatuta. Batzuk plazatik behera, besteak gora eta azkenak San Martin egoitza parera joan ziren hatzak eta eskuak astinduz, 20:00etan, berriz ere plazan elkartzeko.
Han helduenak batu zitzaizkien taldera, eta urteroko argazki erraldoia atera aurretik minutuko isilunea egin zuten duela aste gutxi hil zen Xabier Aranbarri Kulturaz kultur kooperatibako kidea eta azken urtean hildako hainbat trikitilari gogoan. Ibon Errazu Trikigiro elkarteko kideak bota zuen zerrenda: Juan Ezenarro Berastegi, Felix Illarramendi Errota, Jexux Zialtzeta Bidani, Luziano Soraluze Porrutxo eta Manolo Arrizabalaga Izer.
Ondoren, taldeko argazkia atera zuten, eta Alde Zaharrean barrena kalejira egin zuten, plazan bukatzeko. Horren ostean, 150 bat lagunek Sanagustin kultugunean afaldu zuten, eta han luzatu zuten jaia.