Etxeko gidari hainbatekin, iristear da Urrakiko Igoeraren 43. edizioa

Julene Frantzesena 2025ko urr. 15a, 09:19

Urrakiko Igoeraren antolatzaileak, partaideak eta sustatzaileak. (Julene Frantzesena)

58 gidari ariko dira nor baino nor txapel preziatuaren bila, eta aurten izango da berrikuntzarik; izan ere, etxeko partaideen artean hainbat sari banatuko dituzte probaren antolatzaileek. Igandean izango da igoera, 10:00etan hasita, eta zapatuan egingo dituzte egiaztapenak.

Automobilismo eta abiadura zaleek hitzordu garrantzitsua izango dute igandean: Urrakiko Igoeraren 43. edizioa jokatuko dute mendate horretako aldapetan. 58 gidari ariko dira nor baino nor txapel preziatuaren bila, eta aurten izango da berrikuntzarik; izan ere, etxeko partaideen artean hainbat sari banatuko dituzte probaren antolatzaileek.

5eko eskuderiakoen arabera, bi dira Azpeitiko proba irabazteko hautagai nagusiak: Joseba Iraola monoplazetan eta Iñaki Alberdi azpeitiarra turismoetan. Gainera, igandekoa izango da Euskadiko Mendiko Txapelketetako azken proba, eta ondorioz, igandean erabakiko da zein gidarik osatuko duten podium hori. Dena den, txapela Aitor Mansorentzat izango da, dagoeneko matematikoki baita Euskadiko Txapelduna. Podiuma osatzeko faborito nagusiak dira Iosu Beitia azkoitiarrra eta Iñaki Jauregi.

Hain zuzen ere, Urrakiko Igoera irabazteko faborito nagusia den Iraolak Euskadiko Txapelketako hainbat hitzordu galdu behar izan ditu, Europako Txapelketan aritu delako, eta beraz, ez du Euskadiko lehiako podiumean sartzeko aukerarik. Turismoetan, berriz, Iñaki Alberdi da faborito nagusia, baina besteak beste, Markel Cestaf, AItor Zabaleta, Aitzol Apalantza, Jon Etxeberria, Iokin Agirre eta Gurutz Agirretxe ere ariko dira lehian.

Orotara, Urrakiko Igoeran ariko diren 58 partaideetatik 19 izango dira etxekoak, eta horien artean aparteko sariak banatuko ditu probaren antolakuntzak lehen aldiz. Hain zuzen ere, etxekoen podiuma osatuko dute aurtengoan, eta beraz, sailkapen orokorrean saririk jasotzen ez duten hiru gidarik eskuratuko dute garaikurra.

Atzoko aurkezpenean izan ziren proban ariko diren gidarietako bi: Iokin Agirre eta Maria Aranberri. Haiek adierazi zutenez, igoeran aritzeko gogotsu daude, baina eguraldiari begira ere bai. Izan ere, eguraldi ona egingo duela ez da ziurra. Dena den, etxean aritzea "berezia" dela eta egiten duen eguraldia egiten duela "ilusioz" ariko direla zehaztu zuten.

Maria Aranberri gidaria, Jon Oteiza Kirol zinegotzia, Gorka Del Cid 5ekoko kidea, Angel Gurrutxaga Euskadiko Automobilismo Federazioko presidentea eta Iokin Agirre gidaria. (Julene Frantzesena)

Egiaztapenak bezperan

Igandean 10:00etan hasiko da Urrakiko Igoera, eta partaideek sei kilometro baino gehiagoko ibilbidea osatu beharko dute hirutan: entrenamendu saioa izango da bat eta bi manga ofizialak.

Proba dela eta, 09:00 aldean itxiko dute errepidea ibilgailuentzat, nahiz eta trafiko handia sumatzen badute ordu hori aurreratu egingo duten. Entrenamendu mangari 10:00etan ekingo diote parte hartzaileek, eta proba ikustera joaten diren herritarrei ordubete lehenago lekua hartzeko eskatu diete, pilaketak saihesteko. Halaber, segurtasun neurriak errespetatzeko eta inguruak txukun mantentzeko ere galdegin diete.

Zapatuan, gainera, igoeran parte hartuko duten auto guztiak ikusgai izango dira epaitegiaren aurreko plazan. Izan ere, 15:00etan hasita, komisarioek autoen segurtasun neurriak-eta egiaztatuko dituzte han.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide