Euskarak zentroa du irabazteko

Maddi Txintxurreta 2025ko urr. 15a, 08:00

Lauko talde bat elkarren artean hitz egiten, Azpeitian. (Urtzi Oteiza)

Arnasguneak hizkuntza gutxituen biziberritzean nazioarteko topaketak egingo dituzte bihar eta etzi Azpeitiko Soreasu antzokian, eta horien barruan, euskararen periferiak eta arnasguneak zatitzen dituen diskurtso bitarra aztertuko dute Mikel Artolak, Haritz Garmendiak eta Alaitz Aizpuruk.

Hizkuntza gutxituen biziberritzean arnasgune gisa aitortutako eremu geografikoek jokatzen duten papera aztertuko duen nazioarteko konferentziari emango dio aterpe Azpeitiko Soreasu antzokiak bihar eta etzi. Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA), Soziolinguistika Klusterrak, Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta Coppieters fundazioak sustatu duten topaketan Euskal Herriko nahiz nazioarteko adituek parte hartuko dute, eta euskararen zentroen eta periferien arteko zatiketa analitikoa begirada kritikoz aztertuko dute Alaitz Aizpuru, Mikel Artola eta Haritz Garmendia ikerlariek.

Euskarak ez du periferiarik zentrorik ez baitauka izenburu probokatzailea du ikerlari horiek ostiralean aurkeztuko duten hitzaldiak. "Azken urteetan euskaldunon artean nahiz euskalgintzan normalizatzen ari den diskurtso bat, euskararen periferiak kategorizatzen dituena hain zuzen, ez genuen egokia ikusten, eta diskurtso hori poblematizatzea beharrezkoa iruditzen zitzaigun", esplikatu du Alaitz Aizpuruk.

Azpeitiko filologoak Artolarekin eta Garmendiarekin batera ondu duen lanak zuzenean erreferentzia egiten dio "azken zortzi-hamar urteetan" euskalgintzan, kulturgintzan, hezkuntzan, kazetaritzan nahiz bestelako esparruetan normalizatzen ari den "zentro-periferia diskurtso dikotomikoari". Izan ere, Aizpuruk zehaztu duenez, euskarak periferiak dituela aitortzeak berarekin dakar zentroa duela baieztatzea, eta egiaztapen hori zalantzan jartzen dute ikerlariek. "Periferiaren diskurtsoa zentro-periferia dikotomiatik abiatzen da. Diskurtso horretan, zentroak, gutxi-asko, badu hegemoniarekin eta boterearekin lotutako adiera bat, eta guk, nolabait, ezbaian jartzen duguna zera da: normalizazio eta subiranotasun politiko, sozial eta linguistiko batetik ezin urrutiago gauden honetan, euskarak ba ote duen zentro hegemonikorik", sakondu du.

Ikerlariok ezbaian jartzen dute diskurtso bitar hori ez dagoelako hizkuntzan ardaztuta, ez duelako kontuan hartzen zerk eraman duen Euskal Herria egun bizi duen egoerara eta egiturazko zapalkuntzak nahiz egiturazkoak ez direnak maila berean kokatzen dituelako, besteak beste. "Diskurtso horrek, esplizituki esaten ez badu ere, zentrotzat seinalatzen dituenak arnasguneak dira", argitu du Aizpuruk. Eta Euskarak ez du periferiarik zentrorik ez baitauka lana aurkeztuko duten adituen ustez, ez da zuzena arnasgune deritzen eremuei zentro izaera aitortzea, nahiz eta ez duten ukatzen hizkuntza gutxituen osasunean duten garrantzia. "Azpeitian euskara ez da hegemonikoa, ez da araua, nahiz eta arnasgune gisa izendatuta daukagun", aipatu du Aizpuruk adibide modura.

Alaitz Aizpuru: "Kultura patriarkal batean hezi eta bizi garen bezala, eta hori deseraikitzeko tresnak eta ezagutza garatzen ari garen era berean, kultura erdalzale batean hezi eta bizi gara, baina ez dugu oraindik hori deseraikitzeko tresna kontzeptual eta diskurtsiborik"

Euskararen zentroak bainoago, arnasgune gisa kalifikatutako eremuak Madrilen eta Parisen periferiak direlakoan daude ikerlariak. Funtsean, periferia gisa izendatu ohi den Tuteran (Nafarroa) bezala, euskara arriskuan baitago arnasgunetzat hartzen duten Azpeitian ere. "Kontua da zerekin alderatzen ditugun arnasguneak: Tuterarekin alderatzen baditugu, jakina da euskararen errealitatea batean edo bestean ezberdina dela, nahiz eta inon ez den hegemonia, inon ezin delako ehuneko ehunean euskaraz bizi. Baina arnasgune bat alderatuko bagenu Espainiako edo Frantziako herri batekin, zeintzuetan espainolez eta frantsesez normal eta hegemonikoki jarduten baituten, ikusiko genuke gure arnasguneek hegemonikotik ezer gutxi dutela".

Deseraikitzeko beharra

Euskararen zentroa eta periferia zatitzen dituen diskurtsoaren arriskuaz ohartarazi du Aizpuruk: "Lehen euskalgintzatik kontra egiten zitzaien ideia asko indartzeko arriskua dakar; alegia, lehenagotik ezagunak zitzaizkigun aurreiritzi linguistiko, kultural eta kolonial hainbat, beste modu batera jantzita, diskurtso hauen baitan kokatu dira orain. Diskurtso hau garatzen dutenen artean euskaltzaleak dira gehienak, euskararen normalizazioaren alde jarduten dute, eta horrek erakusten du barruan daramagun egiturazko erdaltasunaren neurria. Kultura patriarkal batean hezi eta bizi garen bezala, eta hori deseraikitzeko tresnak eta ezagutza garatzen ari garen era berean, kultura erdalzale batean hezi eta bizi gara, baina ez dugu oraindik hori deseraikitzeko tresna kontzeptual eta diskurtsiborik".

Hori dela eta, euskaran eta euskalduntasunean ardaztutako pentsamendu dekoloniala garatzea ezinbestekoa dela aldarrikatu du Azpeitiko filologoak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide