Non hitz egiten da galesera eta zein da haren egoera?
Galesen 3,1 milioi biztanle bizi dira 20.000 kilometro koadroko lurraldean; Euskal Herriaren baliokidea da, beraz. 2021eko erroldaren arabera, 3 urtetik gorako 538.300 hiztun ditu galeserak; hau da, biztanleen %17,8k hitz egin dute galesera. Dena den, iturri batzuek diote herritarren %27,4k hitz egiten dutela, hau da, 843.500 biztanlek. Galesera herrialde osoan hitz egiten da, landa eremuetan nahiz hiriguneetan, eta adinekoek nahiz gazteek erabiltzen dute.
Hizkuntza gutxituak dira galesera eta euskara. Konpara al daitezke galesera eta euskara? Zer berdintasun eta desberdintasun dituzte?
Bai, badituzte berdintasun eta desberdintasun batzuk. Batetik, linguistikoki menderatzen dituzten hizkuntzekiko oso desberdinak dira biak. Bestalde, Euskal Herriak eta Galesek hiruna milioi biztanle inguru dituzte, bi lurraldeetan herrietan nahiz hirietan hitz egiten dira euskara eta galesera, etxean nahiz eskolan ikasten dituzte biak ala biak... Baina Galesen eskola haurren %35ek soilik hitz egiten dute galesera, eta EAEn askoz ere handiagoa da euskara hitz egiten duten eskola haurren zenbatekoa. Bestalde, Euskal Herria aberatsa da Espainiaren barruan, eta pobreagoa Frantzian; eta Gales pobrea da Erresuma Batuaren barruan. Gainera, gazteen migrazioa arazoa da Galesen. Bi hizkuntzentzat dira garrantzitsuak arnasguneak, eta horiek izateko politikak garatzen saiatzen ari gara.
Hizkuntza politikei eta gizartearen aktibazioari lotuta, bi komunitateek zer ikas dezakete elkarrengandik?
Bizirauteko, bi hizkuntzek antzeko erronka askori egin beharko diote aurre etorkizunean. Bi herrialdeetan borrokatu dugu hizkuntzaren alde, eta aktibismorik gabe ez ginatekeen gaur egun gauden tokian egongo. Beraz, aktibismoa beharrezkoa da hizkuntza gutxitu guztietan. Zenbaterainoko hedadura izan beharko lukeen aktibismo horrek? Zenbateraino normalizatu daiteke hizkuntza bat gizartean eguneko 24 orduetan aktibistak izan beharrik ez edukitzeko? Leku batzuetan aktibista izan beharra dago; gure hizkuntzaren hezkuntza izan behar dugu. Baina hori berez gobernuen ardura da; gobernuek hartu behar dute beren lurraldeari dagozkion hizkuntzen etorkizunaren ardura.
Joan zen udaberrian Iruñean esan zenuen garrantzitsua dela arnasguneak babestea eta zabaltzea, eta batik bat, hiztun komunitate aktibo bat izatea. Nola mantendu daiteke esna hiztun komunitate bat?
Arnasguneak eta dentsitate handiko eremuetan bizi diren hiztunen ehunekoak gutxitzen ari dira. Bi faktore nagusiren ondorioz gertatzen da hori: gazteek eremu horietatik kanpo migratzen dute; eta tokiko hizkuntza hitz egiten ez duten pertsonek migratzen dute eremu horietara. Horren arrazoia ekonomikoa da Galesen, esaterako; izan ere, etxebizitzarako sarbidea arazo handia da. Dena den, hizkuntza indartu egin behar da komunitate gisa, guztion eguneroko bizitzako hizkuntza gisa, eta horrek esan nahi du hizkuntzaren erabilera handitu egin behar dela sektore publikoan nahiz pribatuan. Egun, sektore pribatua ez dago galeseraren legediaren menpe, baina etorri berriek galesera modu naturalean ikasteko aukera izan beharko lukete.
Galeseraren hiztun dentsitate desberdinetako komunitateetako dinamikak izango dituzu hizpide bihar. Zein da horien egoera?
Harreman garrantzitsua dago dentsitate handiko zein dentsitate ertain eta txikiko eremuen artean, baina uste dut jarraikortasun eta kodependentzia harremana dutela. Galeseko egoera desberdina da Eskoziako edo Irlandako kasuekin alderatuz gero, horietan dentsitate handiko eremuak uharteak edo enklabeak baitira. Galesen hiztunen ehunekoa pixkanaka aldatzen ari da eremu batetik bestera. Adibide bat jartzearren: dentsitate handiko eremu batean bizi den eta galesera hitz egiten duen pertsona batek egin dezake lan dentsitate ertaineko edo txikiko eremuetan bizi diren pertsonekin, eta komunikatu daitezke galeseraz beren artean. Kasu horretan, baina, dentsitate handiko eremuan bizi den pertsonaren eta dentsitate txikiagoko eremuan bizi denaren bizibidea elkarren mendekoak dira, baita horiek lanean galesera erabiltzeko duten gaitasuna ere. Dentsitate handiko eremuetarako onak diren politika publikoak onuragarriak izango dira beste eremuentzat ere.
ELEN Europako hizkuntza gutxituen aldeko eragile sozialen sarearen lehandakaria zara. Zein da hizkuntza gutxituen Europako panorama?
2021etik naiz ELENeko presidentea. 25 estatutako 50 hizkuntza komunitatetako 175 kidek osatzen dute erakundea; esaterako, ELENeko kide da Euskalgintzaren Kontseilua. ELEN lobbya da Europako Kontseiluan, Europako Parlamentuan nahiz Nazio Batuetan. Euskara eta galesera ELENeko hizkuntza indartsuenen artean daude, baina hizkuntza gehienek etorkizun zaila dute aurrean. Izan ere, eskuin muturraren gorakada ez da inoiz ona hizkuntza aniztasunarentzat. Globalizazioak eta enpresa multinazionalek tokiko kapitalaren eta aktiboen galera bizkortuarazi egin dute. Ekonomia sendoa, demokratikoa eta komunitarioa behar ditugu, baita gure hizkuntzen aldeko politika publiko sendoak ere.
Europako Batasunak zer rol du horien biziraupenean?
Gehiago egin behar du Europako hizkuntza guztiek azpiegitura linguistiko digitalera sarbidea izan dezaten, orain eta etorkizunean hizkuntza gisa funtzionatu ahal izateko; hori erronka garrantzitsua da. Badakigu komunikabide digitalen edukia hizkuntza gutxituetan ekoizten ari dela, baina zaila izan daiteke hori aurkitzea. Demokrazia algoritmiko hobea behar da; une honetan, homogeneizazioa lehenesten ari da, ez aniztasuna, eta hizkuntza globalean eginiko edukia, ez tokiko eta hizkuntza gutxituetako edukia. Hori ez da zuzena
Euskara, katalana eta galiziera Europako Batasunean ofizial izateko eskaria eginda dago, eta ELENek babesa eman dio eskaera horri. Zer ekarriko luke lege aitortza horrek?
Aurrerapauso garrantzitsua izango litzateke, hizkuntza horiek normalizatzeko urrats egokia. Izan ere, Europako beste hainbat hizkuntza bezala erabiliko lirateke, hala nola irlanderaren, eslovenieraren edo danieraren pare. Gainera, herritarrek hizkuntza horiek erabili ahal izango lituzkete Europako erakundeetan, jendeak zerbait gehiago jakingo luke horiei buruz eta horien erabilera handitu egingo litzateke sektore pribatuan. ELENek gogor egiten du lan aurrerapauso garrantzitsu hori ematea lortzeko, eta oso laster errealitate bihurtzea espero dugu.