Aldi baterako bi lan eskaintza egin ditu udalak

Nerea Uranga 2025ko urr. 10a, 08:45

Azpeitiko udaletxea. (Maialen Etxaniz)

Idazkaritzako administrari lanpostua da bat eta Basazabalerako peoia bestea. Lan eskaintzetako batean interesa dutenek urriaren 12rako eman beharko dute izena. Bi kasuetan, sei hilabeteko iraupena izango dute kontratuek.

Azpeitiko Udalak bi lan eskaintzatan izena emateko epea zabaldu du: idazkaritzako administrariaren postua da eskaintza bat eta Basazabalerako peoiarena bestea. Bi kasuetan sei hilabeteko iraupena izango dute kontratuek eta lanaldi osokoak ixzango dira. Lanpostuetan interesa dutenek urriaren 12rako eman beharko dute izena, Lanbideren bidez.

Idazkaritzako administrari posturako hautagaiek "ezinbestean" honako baldintza hauek bete beharko dituzte: batxilergoa edo baliokideak diren ikasketak bukatuta izan izatea eta euskararen hirugarren hizkuntza eskakizuna izatea. Kontuan hartuko ditu udalak berehala lanean hasteko prest egotea eta aurretik esperientzia edukitzea. Udalak zehaztu du, 2.491 euroko soldata gordina dagokiola postuari.

Basazabalerako peoi lanposturako hautagaiek honako baldintza hauek bete beharko dituztela zehaztu du udalak: eskola ziurtagiria izatea eta lehen hizkuntza eskakizuna izatea. Kontuan hartuko dira berehala lanean hasteko prest egotea eta esperientzia edukitzea. 2.017 euroko soldata gordina dagokio postuari.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide