Kattalin Miner: "Minarekin soilik ez, gure bizitzak gozamenarekin lotu nahi ditugu"

Maddi Txintxurreta 2025ko urr. 3a, 09:15

Kattalin Miner, Eihera kooperatibako kidea. (Eihera kooperatiba)

Azpeitiko LGTBIQ+ pertsonen errealitateak eta bizipenak jasotzeko Oihu bat isiltasunean izeneko prozesua abiatu zuen iaz udalak eta, bide horretan, kolektiboaren memorian eta erreparazioan sakontzeko urrats berri bat emango du bihar, Kontuan hartzeko kontatua egun osoko jardunaldiarekin; gaur da izena emateko azken eguna. Prozesu horretan Eihera kooperatibako kideak izan ditu bidelagun.

Zer dela-eta antolatu dituzue jardunaldiak Azpeitian? Iaz herrian landu zenuten Oihu bat isiltasunean izeneko diagnostikoari jarraipena emateko modu bat al da?

Diagnostikoak utzi zigun zapore batetik tiraka datoz jardunaldiak. Diagnostikoaren izenburuak isiltasunari eta oihuari egiten zion erreferentzia, izan ere, prozesu horren helburua izan zen herri mailan min batzuk ikusaraztea, baina baita erreparatzea ere. Horrek galdera gehiago ekarri zizkigun: LGTBIQ+ pertsonen memoriaren eta erreparazioaren bueltan, zeintzuk dira erabiltzen ditugun ohiko bideak? Zeri esaten diogu memoria? Zer dago erreparatzeko? Galdera horien bueltan, iruditzen zitzaigun esperientzia konkretu bat genuela Azpeitian, bazegoen apustu tekniko eta politiko bat hori arakatzen jarraitzeko eta, horregatik, esperientzia desberdinak bildu nahi izan ditugu.

Isiltasunean oihu egitetik kontuan hartzeko kontatzera igaro zarete.

Gure sentsazioa zen jadanik kontatu genuela, jaso genuela, beraz, hurrengo pausoa da: zer egin nahi dugu honekin? Gure autoirudi kolektiboa berrikusi nahi dugu; herri mailakoa, LGTBIQ+ kolektiboarena nahiz belaunaldi zehatz batzuena. Diagnostikoa ez da kaxoi batean geratu, bizitza izan du eta nahi dugu kontuan har dadila orain arte egin dugun ibilbidea eta egiteko daukaguna.

Esanguratsua da prozesu horrek bultzada eman ziola Astindu Armayuek kolektiboaren sorrerari.

Bai, gainera, oso prozesu polita izan da eta, aldi berean, logikoa. Baina baita harrigarria ere. 2023-2024aren bueltan hasi ginen norbanakoak bilatzen beraien bizipenak jasotzeko, eta lehenengo aipatu zigutena izan zen Azpeitian halakorik egitea oso zaila izango genuela. Kontrara, konturatu gara gero eta pertsona gehiago daudela hitz egiteko prest. Aldi berean, aurkezpenaren egunean konturatu ginen askok ez zutela elkar ezagutzen, edo ez zutela elkar begiratu kolektiboko kide bezala. Hutsune handi bat zegoen, elkar ezagutzeko behar bat, eta horrek ekarri zuen eragile horren sorrera.

"Eragotzi ditzagun orain indarkeriak, traumak, minak eta bazterkeriak, hemendik hogei urtera erreparatzen ibili behar ez izateko"

LGTBIQ+ memoria eta erreparazioa izango dituzue mintzagai bihar. Zergatik aukeraketa hori?

Gu, akaso, galderekin gatoz segurtasunekin baino gehiago. Horregatik, ekarriko ditugu Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko zenbait esperientzia; batetik, artxibo, memoria eta erreparazio lanetan ibilitakoena, eta bestetik, instituzioetatik LGTBIQ+ politiketan lan egin dutenena. Guk Azpeitian eta beste herri batzuetan ikusi ditugun esperientziek zalantza edo ideia batzuk piztu dizkigute: egia, memoria, erreparazioa eta ez errepikapen logikan, LGTBIQ+ komunitateak zer behar ditu?

Haur eta nerabe transen errealitateen inguruan ariko zarete. Bolada transfoboak datoz; horretaz era pausatuan hitz egiteko beharra dago?

Nahi genuen gaur eguneko egoera bat jardunaldietan presente egotea, ez gaitezen beti ibili denbora pasatzen utzi eta memoria egiteko edo erreparatzeko atzera begiratzen. Eragotzi ditzagun orain indarkeriak, traumak, minak eta bazterkeriak, hemendik hogei urtera erreparatzen ibili behar ez izateko. Kasu honetan argi ikusten dela esango nuke. Haur eta nerabe transen errealitateek oso urte gutxitan ikusgarritasun handia lortu dute, baina horrek erreakzioak jaso ditu etengabe. Horregatik, ezinbestekoa da honetaz modu pausatuan hitz egitea, baina atzerapausorik eman gabe.

"Gure autoirudi kolektiboa berrikusi nahi dugu; herri mailakoa, LGTBIQ+ kolektiboarena nahiz belaunaldi zehatz batzuena"

Festa egitea ere politikoa izan daiteke. Zer garrantzi du parrandarako horrelako espazioak izateak?

Aisia, festa, kalea, espazio publikoa... izan dira borrokarako eta gatazkarako lekuak LGTBIQ+ kolektiboarentzat. Baina baita ere aldarrien, askapenaren eta garaipenen ikurrak. Hau ez dugu banalizatzen: errealki bizi dugu, hor dago gatazka. Ezinbestekoa da gure bizitzak ez lotzea soilik tragediarekin eta minarekin, baizik eta gozamenarekin, askatasunarekin... horiekin ere bai.

Izena emateko aukera dago oraindik?

Bazkarirako izan ezik, lekua dago oraindik, beraz, gaur iluntzera arte izena eman daiteke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide