Ireki dute 'Kontuan hartzeko kontatua' jardunaldian izena emateko epea

Mailo Oiarzabal 2025ko ira. 4a, 08:56

Ekainaren 26an aurkeztu zuten 'Kontuan hartzeko kontatua' jardunaldia. (Mailo Oiarzabal)

Irailaren 23ra arte eman dezakete izena LGTBIQ+ kolektiboaren memorian eta erreparazioan sakontzeko urriaren 4an herrian egingo duten egun osoko topaketan parte hartu nahi dutenek. Jardunaldiaren egitaraua ere zehaztu dute.

Ekainean aurkeztu zuten Kontuan hartzeko kontatua, LGTBIQ+ kolektiboaren memorian eta erreparazioan sakontzeko Azpeitiko Udalak Eihera kooperatibaren laguntzarekin antolatu duen jardunaldia. Orain, egun osoko jardunaldi horren egitarau zehatza zabaltzearekin bat, urriaren 4an herrian egingo duten egun osoko topaketan parte hartu nahi dutenentzako izen ematea ireki dute.

Izen emateak gauzatzeko, galdetegi hau prestatu dute Interneten. Galdetegi horretan, izena emateaz gain, ordainketa egin izanaren agiria txertatu beharko dute jardunaldian parte hartu nahi dutenek; antolatzaileek eskura jarriko duten euskara-gaztelania itzulpen zerbitzua baliatu nahi dutenek ere izena ematerakoan egin beharko dute eskaera.

Jardunaldirako soilik edota jardunaldirako gehi bazkarirako eman daiteke izena. Bazkaria hartu gabe izena emanez gero, landunek bakarrik ordaindu beharko dute –6 euro–; langabeentzat, ikasleentzat eta pentsiodunentzat izen ematea doan izango da. Bazkaria barne hartzen duen izen ematearen kasuan, berriz, landunek 15 euro ordaindu beharko dituzte, eta 8 euro langabeek, ikasleek eta pentsiodunek.

Irailaren 23an itxiko dute izen ematea. Galdetegiarekin edo ordainketarekin arazorik izanez gero, Emakumeen Txokoarekin harremanetan jarri behar da, 943-15 70 55 telefonora deituta edo emakumetxokoa@azpeitia.eus helbidera idatzita.

Egitaraua

Hitzaldiak, mahai inguruak, bazkaria, bertsoak, festa... Egitarau bete-betea prestatu dute antolatzaileek urriaren 4rako. Goizeko eta arratsaldeko hitzorduak, bazkaria barne, Azoka Plazan izango dira. Iluntzean, kalera eramango dituzte ekintzak, eta Sanagustin kulturgunean ospatuko dute gaueko festa.

Hau da egitarau osoa:

  • 10:00-10:15. Ongi etorria (Azpeitiko Udala).
  • 10:15-11:00. Hitzartzea: Zergatik ari gara LGTBIQ+ erreparazioaz eta memoriaz? (Kattalin Miner eta Iñi Etxezarreta, Eihera kooperatibako kideak).
  • 11:00-12:30. Mahai ingurua: Zeri egin diogu oihu? Memoria, artxiboa eta ahotsak.
    • Oreretako Kuir Artxibo Bizia.
    • Lesbiana, gay eta transexualen arreta zentroa (Aldarte).
    • Miren Guilló eta Laura Muelas (Antropologia Feminista ikerketa taldea).
  • 12:30-13:00. Atsedenaldia eta kafea (Azoka Plazan).
  • 13:00-14:00. Hitzartzea: Transexualitate egoeran dauden haurren eta nerabeen errealitateak (Zaira García Dafonte).
  • 14:00-16:00. Bazkaria (Azoka Plazan).
  • 16:00-18:00. Mahai ingurua: Zertarako eta nondik ari gara LGTBIQ+ politika publikoetan?
    • Miriam Solá (Centre LGTBI BCN-ko zuzendaria).
    • L’armari de la memoria (Valentziako Generalitatea).
    • Itsaso Lekuona (Hernaniko Udaleko zinegotzia).
    • Astindu Armayuek Azpeitiko LGTBIQ+ asanblada.
  • 18:30-20:00. Memoria bizia, bertso-ibilbide eta kale ekintza.
    • Bertsolariak: Aner Peritz eta Maider Arregi.
    • Astindu Armayuek Azpeitiko LGTBIQ+ asanblada.
  • 22:00. Festa! (Sanagustin kulturgunean).
    • Folklore Travesti (Maruxak).
    • Bad Sound Sister DJ.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide