Azpeitiko Udalak uko egin dio Sañoa mendian haize neurgailu bat jartzeko Desarrollos Renovables Iberia enpresak eskatutako obra baimenari. "Eusko Jaurlaritzak Sañoako Piaspe eolikoen proiektuari ez dio ingurumen baimenik eman, eta horrek berak baliogabetu egiten du toki horretan haize neurgailua jartzeko obra baimenaren eskaera", azaldu du Nagore Alkorta alkateak. Azken izapidea, onartzea ala uko egitea, Azpeitiko Udalari zegokion, eta asteartean bertan behera uzteko erabakia hartu zuen Udal Gobernuak. Era horretan, Piaspe eolikoen proiektuaren "prozedura bukatutzat" eman dute, alkatearen arabera: "Eusko Jaurlaritzaren ingurumen txostenak berak esaten baitu ez dagoela helegiterik aurkezterik".
Gipuzkoako Foru Aldundiak interes publikokotzat jo zuen Azpeitiko bosgarren poligonoko 58. lur zatian aldi baterako estazio meteorologiko bat jartzea, Desarrollos Renovables Iberia enpresak Sañoan haize neurgailua jartzeko egindako eskaerari bidea irekiz. Abuztuaren 5ean argitaratu zuten erabakia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO), eta ez zituen ontzat jo herritar batek nahiz Sañu Bizirikek, Errezil Bizirikek nahiz Txillarramendi auzo elkarteak aurkeztutako alegazioak. Aldundiak behin erabakia hartuta, Azpeitiko Udalari zegokion haize neurgailu hori jartzeko obra baimena eman ala uko egin erabakitzea.
Haize neurgailuaren inguruko aldundiaren erabakia argitaratu eta egun gutxira, abuztuaren 11n, jakin zen Eusko Jaurlaritzak uko egin ziola ingurumen baimena Norvegiako Statkraft enpresak Azpeitiko, Errezilgo eta Zestoako lurretan eraiki asmo zuen Piaspe proiektu eolikoari eta haren ebakuazio azpiegiturei. Ingurumen txosten negatiboa igorri zion erakunde horretako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaritzak eskaera egin zuen Desarrollos Renovable Iberia enpresari.