Azpeitiko lurretan haize neurgailua jartzeko egindako eskaeraren kontrako alegazioak aurkeztu dituzte

Julene Frantzesena 2025ko uzt. 16a, 14:55

Iazko Sañoa egunean miru beltza irudikatu zuten hainbat lagunek. (Sañu Bizirik)

Desarrollos Renovables Iberia enpresak eskatu du Kutxabanken lur ez urbanizagarri batean jarri nahi duen haize neurgailua interes publikoko izendatzeko. Sañu Bizirik eta Errezil Bizirik taldeek nahiz Txillarramendi auzo elkarteak aurkeztu dituzte eskaera horren aurkako alegazioak. Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokio izendapenaren alde edo kontra egitea.

Sañu Bizirik eta Errezil Bizirik taldeek nahiz Txillarramendi auzo elkarteak alegazioak aurkeztu dizkiote Desarrollos Renovables Iberia enpresak Azpeitiko lurretan haize neurgailu bat jartzeko egin duen eskaerari. Piaspe proiektua gauzatu nahi duten eremuan jarri nahi dute haize neurgailua, Kutxabanken jabetzakoa den lursail ez urbanizagarri batean, eta enpresa horrek eskatu du neurgailu hori interes publikokotzat jotzeko; izan ere, izendapen hori behar da halakorik jarri ahal izateko.

Eskaera hori hogei egunez izan da jendaurreko informaziorako epealdian, eta gaur bukatuko da horri alegazioak aurkezteko epea. Haize neurgailu hori interes publikokotzat ez jotzeko "sobera arrazoi" daudela argudiatu dute alegazioak aurekeztu dituzten taldeek. Halaber, zehaztu dute elkarlanean aurkeztu dituztela horiek. "Azken hiru urteotan Piaspe proiektuaren kontra irmo agertu diren auzotarrek nahiz eragileek sinatu dituzte alegazioak, hala nola Lagun Onak Mendi Bazkunak".

Talde horien aburuz, agerikoa da afera "interes publikokoa baino interes pribatukoa" dela. "Multinazional batek [Statkraft] mendia txikitzearen kontura negozioa egin dezan bidea errazteko beharrezko pausoa da izendapena. Hori iritsi da neurgailu horren atzetik datorren zentral eolikoaren ingurumen inpaktuaren ebaluazioa ebatzi gabe dagoenean eta proiektu horrekiko kontrakotasuna eskualdean edo kontserbazioaren aldeko hainbat taldetan (SEI Birdlife, Naturkon) nabari denean".

Haien hitzetan interes publikokoa behar luke mendiaren eta landa eremuko auzoen defentsak nahiz naturaren eta biodibertsitatearen zaintzak. "Lurraren zaintzak eta defentsak behar lukete interes publikokoak izan".

Sañu Bizirikek adierazi duenez, orain Gipuzkoako Foru Aldundiak ebatzi beharko du haize neurgailua jartzeko eskaera interes publikokotzat jotzen al duen, eta Azpeitiko Udalak, berriz, neurgailu hori jartzea baimentzen al duen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide