Larrin baserria botatzen hasi dira

Nerea Uranga 2025ko ira. 11a, 12:06

Larringo baserria eraisten gaur. (Mailo Oiarzabal)

Larrin baserria eraistea lur eremu hori industria eremu bilakatzeko plangintzaren barruan jasota dago. Proiektu hori garatzeko konpromisoa 2020ko azaroan hartu zuten Azpeitiko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailak.

Oñatz auzora egiten den, baina Landetatik bertan dagoen Larrin baserria botatzen ari dira. Urte asko dira, baserri hori eraistea aurreikusita zutela. Hain zuzen ere,  2020ko azaroan, aspaldiko asmoa berreskuratuta Larrin eremua garatzeko konpromisoa hartu zuten Azpeitiko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailak, Azpeitiko industria beharrei erantzuteko asmoz. Horri lotuta, Larrin 22HE-ko Plan Partzialari behin-behineko onarpena eman zion udalak 2023ko maiatzean, alkate dekretuz.

Sprilur eta udala lankidetzan garatzen ari diren plangintzaren arabera, Larrin baserriaren inguruko lurretan industrialde berria eraikiko dute: 210.210 metro koadroko azalera izango du Larringo industria poligonoaren jarduketa eremuak. Horietatik, 107.409 metro koadro industriarako lurzatia izango da, 15.072 eta 49.800 metro koadro bitarteko lau partzela handitan banatuta.


Larringo baserria eraisteko lanak Urrestillarako bidetik. (Mailo Oiarzabal)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide