Bi urterako kontratua sinatu duzu Alavesekin. Gustura al zaude?
Bai. Bi urterako kontratua sinatu dut, eta eskertzekoa da hori; izan ere, batzuetan denboraldi bat behar izaten da taldera egiteko eta moldatzeko. Dena den, ibilbide ia osoa Realean egin dut, eta ez dakit oso ondo zer den taldez aldatzea.
Realean zazpi urte eginda iritsi zara Gasteizko taldera. Zer moduz hasi duzu bide berria?
Aurreko denboraldian ez nituen minutu asko eduki Realean, eta taldez aldatzeko momentu ona zela iruditzen zitzaidan. Hazten jarraitzeko talde ona da Alaves; ilusioarekin nago. Zazpi urte egin ditut Realean, baina aldaketa behar nuen, eta... Aste gutxi batzuk baino ez diren igaro denboraldi aurrea hasi genuenetik, eta jendea ezagutzen ari naiz oraindik ere.
Hazten ari den taldea da Alaves...
Realarekin alderatuta, klub txikiagoa da Alaves, baina emakumeen futbolaren aldeko apustu handia ari da egiten. Ikusten da zer-nolako apustua ari diren egiten; izan ere, urtez urte ari da hazten emakumeen lehen taldea.
Nolako taldearekin egin duzu topo?
Jokalari berri dezente gaude taldean, baina badira aurreko denboraldian aritutakoak ere, eta haiek ari dira gure gidari lanetan. Dena den, talde askotatik joandako jokalariak elkartu gara Alavesen, eta danok zerbait emateko gaude. Partidak jokatzen hasteko gogoz nago.
Lehenago kide izandako jokalaririk ba al duzu taldean?
Ez, Realean ibilitakorik ez. Dena den, lehenagotik ezagutzen nituen jokalari batzuk, besteak beste, beraien kontra jokatuta nengoelako. Alavesen kontra jokatutakoa naiz, bestalde, denboraldi aurreren bateko lagun artekoren bat. Orain, denboraldi aurrean, Realaren kontra neurtuko ditugu indarrak.
Bigarren mailan dago Alaves, baina iaz mailaz igotzeko lehia bizian ibili zen. Denboraldira begira zer helburu dituzue?
Oraindik goiz da hitz egiteko. Dena den, bigarren maila oso exijentea da, eta lehia estua izan ohi da, talde denek antzeko maila dutelako. Mailaz igotzeko helburua duten talde asko daude, gainera, bigarren mailan. Iaz denboraldiko lehen zati guztian sailkapenaren buruan izan zen Alaves, baina bigarren zatia ez zen hain ona izan, eta ihes egin zien maila igoerak. Aurten hobetzen saiatu behar dugu, nahiz eta zaila izango den; izan ere, izugarrizko denboraldia egin zuten.
Mailaz igotzea al duzue xede?
Denborarekin ikusiko dugu zeintzuk diren helburuak, nahiz eta gustatuko litzaiguken aurreko urteko emaitzak lortzea. Dena den, partidaz partida joan behar dugu, denak irabazten.
Zuk, pertsonalki, zer lortu nahi duzu?
Aurreko urtetan ez ditut eduki, eta minutuak nahiko nituzke; jokatzea nahi dut. Bigarren mailan ez naiz sekula aritu, eta baliatu nahiko nuke aukera hazten segitzeko, garatzen jarraitzeko.
Lehiakortasun handia al duzu hasierako hamaikakoan postua lortzeko?
Postu denetan izaten da lehia; irabazi egin behar izaten da lekua. Inoiz ez da izaten erraza jokatzea, eta bigarren mailan ere horixe gertatzen da. Jokalari ona asko daude taldean, talde ona daukagu, eta ondo entrenatu behar da jokatu ahal izateko.
Espainiara hainbat bidaia egingo dituzue ligako partidak jokatzeko. Joan-etorriko bidaia horiek egitera ohituta zauden arren, exijentzia maila handia al da?
Ohituta nago bidaiak egitera, asteburuak kanpoan pasatzera, kanpoko zelaien jokatzera... Exijentzia maila handia da, batez ere ikasten ari zarenean. Izan ere, asteburu denak okupatuta izaten dituzu. Futboleko gorengo mailak sortzen duen egunerokoa oso exijentea da; lauzpabost entrenamendu eta partida bat izaten ditugu astean eta egun bat edukitzen dugu atseden hartzeko.
Realean pasatu dituzun urteez zer balorazio egiten duzu?
Txiki-txikitatik naiz realzalea, eta niretzat dena izan da talde hori. 2017tik jardun dut han futbolean, eta han hazi naizela esango nuke; Realaren balioak-eta neure eginak ditut. Realean ikasi dut, han heldutu naiz, eta esker hitzak baino ez ditut klubarentzat. Halaber, lehen mailan jokatzeko aukera izan dut, Espainiako Kopako finala jokatzekoa ere bai, eta... Bigarren taldean kapitain ere izan nintzen, eta asko ikasi nuen.
Pena eman al dizu taldea uzteak?
Bai, noski, izugarria. Reala da nire kluba. Taldean jarraitzen dutenei esan diet joango naizela partidak ikustera. Realzalea naiz, eta beti ematen du pena zurea den talde hori uzteak. Dena den, Alavesen esperientzia berri bat bizitzeko gogoz nago; haztea nahi dut, irrikaz nago.
Lehen mailan, F Ligan, hemezortzi partida jokatu dituzu Realarekin azken bi denboraldietan. Zer moduzko esperientzia izan da?
Duela bi denboraldi Realeko bigarren taldean izan nuen fitxa, baina lehen taldearekin aritu nintzen. Partida dezente jokatu nituen lehen denboraldi hartan, baina gero, lesio bat tarteko, sei hilabetez egon nintzen zelaitik kanpo. Aurreko denboraldian, berriz, lau-bost neurketa jokatu nituen, baina gehiago nahi izaten duzu beti. Gainera, ez jokatzeak sortzen du etsipen puntu bat; izan ere, taldearentzat garrantzitsua izatea eta entrenatzaileak zurekin kontatzea nahi izaten duzu, eta... Dena den, esperientzia oso ona izan da lehen mailan bizitakoa; aukera eman dit elitea zer den ikusteko.
Hiru azpeitiar joan zineten Lagun Onaketik Realera urte berean: Haizea Uranga, Mirari Uria eta zu. Hirurok segitzen duzue futbolean, bakoitzak bere bidean...
Bai, hala da. Realak emakumeen bigarren taldea sortu zuen, eta hirurok batu ginen taldera. Mirarik Realeko lehen taldean segitzen du, eta Haizeak Bartzelonako Europa taldean jokatuko du datorren denboraldian. Zubietara joan-etorrian batera ibili gara zazpi urtez, eta harreman estua daukagu.
Lagun Onaken hasi zinen futbolean. Zer oroitzapen dituzu?
Lagun Onakeko futbol eskolan hasi nuen bidea, eta oso oroitzapen onak ditut. Azpeitiko kluba da, han egin nituen lehen urratsak, eta orain ere saiatzen naiz taldeei jarraipena egiten.