Elene Viles futbol jokalariak (Azpeitia, 2001) Deportivo Alaves Gloriosas taldean jokatuko du datozen bi denboraldietan; 2027. urtera arteko kontratua sinatu du Vilesek. Lehen Federazio Iberdrola mailan jokatuko du hark babazorroekin, emakumeen Espainiako bigarren mailan.
Realean egindako ibilbidea itxi du hala Azpeitiko erdilariak. Lagun Onak taldetik jauzia eginda, zazpi denboraldi osatu ditu hark txuri-urdinekin, azkeneko biak F Ligan, Espainiako ligarik gorenenean. Hain justu, hemezortzi partida jokatu ditu azpeitiarrak Realarekin txapelketa horretan.
Alavesek adierazi duenez, ibilbide "bikaina" egin du Vilesek. "Baloiarekin irizpide handia erakutsi ohi du; taktikoki adimentsua da, eta lehiakorra", azaldu du klub babazorroak. Era berean, jokoa sortzeko nahiz hutsuneak interpretatzeko eta erasora batzeko dituen gaitasunak nabarmendu ditu Alavesek. "2025-2026 denboraldiari begira, luxuzko errefortzua izango da", adierazi du klubak.