Urteroko ekitaldi sortarekin ospatu dute San Inazio egunaren goiza

Mailo Oiarzabal 2025ko uzt. 31a, 12:15

Diana, korporazioa, prozesioa eta meza. Urteroko ekitaldi laukotearekin hasi dira aurten ere San Inazio egunaren ospakizunak Azpeitian.

San Inazio eguna da gaur, Azpeitiko jaien egun handia, eta uztailaren 31ko ohiko ekitaldiak errepikatu dituzte aurten ere zaindariaren eguneko goizean.

Udaleko brigadakoak artean kaleak garbitzen lan eta lan ari zirela hasi dira dianarekin Alde Zaharra musikaz esnatzen Udal Musika Banda, Arrasateko gaiteroak eta Izarraitz txistulari taldea. Ondoren, Bandakoak eta Izarraitzekoak udaletxe atarian gelditu dira, Sanagustinpean zain zituzten udal ordezkariekin batera parrokiara korporazioan joateko. Handik irten da San Inazio eguneko prozesioa 10:30ean, Fernando Prado Donostiako gotzaina eta San Inazio eguneko ospakizunetan lehen aldiz parte hartu duen Jose Ignacio Eguzkitza erretorearekin, beste hainbat elizgizon eta herritarrek lagunduta.

San Inazioren eta Ama Birjina Sortzez Garbiaren irudiak Alde Zaharreko kaleetan ibili ondoren parrokiara itzuli, eta San Inazio eguneko meza nagusia ospatu dute han 11:00etatik aurrera, Parrokiako koruaren eta Julian Barrenetxea abesbatzaren parte hartzearekin, eta Ignacio Arakistain organo jotzen zela.

Egitaraua

Goiz partea osatzeko, bigantxekin eguneko lehen hitzordua izango dute zezenzaleek Done Jakuen 12:30ean, ordu berean Gauerdi txaranga kalez kale ibiliko da, eta 13:00etan San Inazio eguneko kontzertua eskainiko du Udal Musika Bandak Sanagustinen.

Bazkaritan indarrak berreskuratuta, arratsaldea eta gaua luzeak eta ekitaldiz betetakoak izango dituzte gaur ere festazaleek. Hona hemen, San Inazio egunaren egitarauak aurretik dakarrena:

  • 12:30. Gauerdi txaranga, kalez kale.
  • 12:30. Arratsalderako zezenen aukeraketa, zezen plazan.
  • 12:30. Bigantxak (Arno ganadutegia), Done Jakue kalean.
  • 13:00. Udal Musika Bandaren kontzertua, Sanagustin kulturgunean.
  • 17:30. Bigantxak (Arno ganadutegia), Done Jakue kalean.
  • 17:30. Azken fakirra ikuskizuna, Olazko Andre Mariaren plazan.
  • 17:30. Zezenketen kontrako elkarretaratzea, zezen plaza aurrean.
  • 18:30. Zezenketa. Toreatzaileak: Morante de la Puebla, Daniel Luque eta Juan Ortega. Ganadutegia: Loreto Charro.
  • 18:30. Ultraeskuinaren eta ideia faxisten aurkako elkarretaratzea, plazan.
  • 19:00. Oria txaranga, Landetatik abiatuta.
  • 19:00. Flamenko poteoa Burrumba taldearekin, Alde Zaharrean.
  • 19:00. Desbiatuen kuirropoteoa, plazatik abiatuta.
  • 20:00. Etxera jantokiaren irekiera, Azoka Plazan.
  • 20:30. Parrillada, plazan.
  • 21:30. Esku pilota jaialdia, Izarraitz pilotalekuan: Julen Egiguren-Erostarbe vs Unai Alberdi-Ugartemendia; Altuna-Rezusta vs Peña-Mariezkurrena.
  • 22:00. Aurrez Aurreren kontzertua, txosnagunean.
  • 23:00. Su artifizialak, Pirotecnia Zaragozanaren eskutik, Izarraizko Atean.
  • 23:30. Zea Maysen kontzertua, plazan.
  • 01:00. Iltzeren kontzertua, txosnagunean.
  • 02:30. Ukabilen kontzertua, txosnagunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide