San Joan bezpera 2025

Suaren epelean dantza egin dute urteko egunik luzeenean

Ihintza Elustondo

San Joan bezpera izan zen atzo, eta Azpeitiko plazan hainbat herritar elkartu ziren suaren bueltan. 22:00etan hasi zen ekitaldia, eta Itsasi dantza taldeko kideak aritu ziren dantzan. 

Urteko egunik luzeena eta gaurik motzena izan zen atzo, San Joan bezpera, eta ohiturari jarraituz, gauza zaharrei agur esan eta berriei ongietorria emateko baliatu zuten atzokoa hainbatek. Urrestillan zuhaitza sartuta ospatu zuten atzoko eguna, baina Azpeitiko plazan ere hainbat herritar elkartu ziren San Joan bezperako suaren bueltan.

Sua piztu aurretik zeruan euri lanbroa nabari bazen ere, ez zuten inolako arazorik izan plazan sugarrak hedatzeko. 22:00etan hasi zen ekitaldia, eta Itsasi dantza taldeko kideak aritu ziren dantzan. Haiek hainbat dantza egin ostean, herritarrak gonbidatu zituzten elkarrekin polka dantzatzera, eta jende ugari animatu zen suaren epelean gerriak mugitzera. Amaitzeko, eskolako koadernoak sutara botatzeko aprobetxatu zuten batek baino gehiagok abagunea.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide