Toxikoak etxetik at! izeneko tailerra antolatu du iganderako Ekoetxeak, herritarrak jabetu daitezen ohiko garbiketa produktuek eragin ditzaketen kalteez, eta alternatiba naturalak ekoizten ikas dezaten. Ikastaroa 10:00etan hasiko da, eta 12:30ean amaitu.
Etxe gehienetan dauden garbiketa produktuek uste baino kalte handiagoa eragiten dute pertsonen osasunean eta ingurumenean, Ekoetxeak ohartarazi duenez. Hori dela eta, ikastaroa antolatu du iganderako, herritarrei azaltzeko produktu kimikoek zer nolako eraginak sor ditzaketen.
Toxikoen kalteez jabetzeko soilik ez, ohiko garbiketa produktuen alternatiba naturalak ekoizten ikasteko aukera izango dute herritarrek Ekoetxearen tailerrean. Horrela, xaboi ekologikoak egiten ikasiko dute, baita etxea espazio osasuntsuagoa eta jasangarriagoa bihurtzen ere.
Ikastaroa doakoa izango da, baina beharrezkoa da esteka honetan izena ematea parte hartu ahal izateko.