Mantangorri jaitsita, festa bete-betean murgildu da Sanjuandegi

Ihintza Elustondo 2025ko mai. 30a, 21:05

Eguraldi triste samarrarekin, baina giro paregabean egin diote ongietorria Sanjuandegin Mantangorriri. Indarkeria matxista gaitzesteko eta Palestinari elkartasuna adierazteko mobilizazioa egin dute, eta jarraian, buruhandiek eta trikitilariek alaitu dute auzoa.

Uda giroko lehen festak izan ohi dira Sanjuandegikoak, baina gaurkoan eguraldi triste samarrarekin  egin diote auzoan ongietorria Mantangorriri. Dena den, giroak ez du ezer izan tristetik, eta ilusioz hartu dute han bildutako herritar ugarik festen irudia bilakatu den animalia.

Festen hasiera ekitaldiari ekin aurretik, 18:45ean, Bilbon gizon batek alaba hil duela salatzeko elkarretaratzea egin dute Jose Antonio Agirre plazan, Itaiak deituta. Berez Palestinari elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egitekoak ziren leku eta ordu berean, baina azkenean, Itaiak deitutako elkarretaratzea amaitzean, Palestinaren aldeko hitzartzea egin eta argazkia atera dute. 

Jarraian iritsi da herritarrek hainbeste itxarondako unea: Mantangorri jaitsi da auzoko balkoi batetik behera, horrela festei hasiera emanez. Jende ugari bertaratu da, eta ondoren, buruhandiek eta trikitilariek alaitu dute auzoa.

Gauean jarraituko du festak. Hona hemen egitaraua:

  • 21:00. Gazte afaria.
  • 23:00. Areto dantzen emanaldia.
  • 23:00. Rodeo, Eraldatzen eta Laket taldeen kontzertuak karpan.
  • 23:00. JOS_U, P4UL, House One eta Meritron disko jartzaileen emanaldiak txosnan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide