Herriko establezimenduetan erabiltzeko 4.000 bonu aterako dituzte Azpeitiko Udalak eta Bertan merkatarien elkarteak. Bertako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresa txikietako ekonomia sustatzea du helburu bi agenteek beste urte batez elkarlanean ondu duten Azpeitia Zaindu izeneko kanpainak.
Bonu bakoitza 35 eurotan erosi ahal izango da, eta 50 euroko balioa izango du. Bakoitzak 10 euroko bost txartel izango ditu, eta txartel horiek banaka erabili ahal izango dira. Datorren asteazkenetik aurrera jarriko dituzte salgai, eta uztailaren 30era bitarte erabili ahal izango dira kanpainarekin bat egiten duten saltokietan. Herritar bakoitzak gehienez bi bonu eskuratu ahal izango ditu.
Bonuak Azpeitiko Azoka Plazan erosi ahal izango dira datorren asteazkenean, maiatzaren 21ean, 16:00etatik 20:00etara eta ostegunean 09:30etik 13:30era eta 15:30etik 17:00etara. Bestalde, azpeitiazaindu.eus webgunean ere erosteko aukera izango da.
Azpeitia Zaindu kanpainara 60.000 euro bideratuko ditu udalak, eta aurreikusten du ia 200.000 euroko eragin ekonomiko zuzena izango duela herriko merkataritzan.
Udalak ohar batean zehaztu duenez, herriko merkatari, ostalari eta zerbitzu enpresa txiki guztietako arduradunak batu daitezke ekimenera, ez soilik Bertan elkarteko kide direnak. Halaber, kanpainaren aurreko edizioan parte hartu zuten establezimenduak automatikoki partaidetzat hartuko dituzte, aurkakorik adierazten ez badute behintzat.
Ekimenean lehen aldiz parte hartu nahi duten establezimenduek, bestalde, merkatari elkartearekin kontaktuan jarriz egin ahal izango dute, asteleheneko eguerdiko 12:00ak baino lehen, 943-02 56 73 edo 688 82 39 44 telefonoetara deituta edo bertan.azpeitia@gmail.com helbide elektronikora idatzita. Kanpainara batzen diren saltokiek ekimenerako propio prestatutako kartela jasoko dute.
18 urtekoentzat, opari
Aurreko hainbat kanpainatan bezala, oraingoan ere aurten 18 urte betetzen dituzten herritar guztiei (2007an jaiotakoei) 15 euroko bonua oparituko diete, beraiek erosi beharrik gabe.
"Ekimen honen bidez, gazteak tokiko merkataritzara hurbildu nahi ditugu, bertako produktu eta saltokietan kontsumitu dezaten, eta horrela, tokiko merkataritzaren eta herritarren arteko loturak sendotu daitezen", adierazi du udalak.
"Eragin zuzena"
Kanpainaren aurkezpen argazkiak egin dituzte gaur udaleko nahiz Bertan merkatarien elkarteko ordezkariek, eta une horretan, Nagore Alkorta Alkateak baieztatu du "merkataritza txikiaren aldeko apustu sendoa" egin duela beste behin ere Azpeitiko Udalak: “Merkataritza txikiarentzat ez dira une errazak, eta herriko ekonomia sustatu eta Azpeitiaren alde egiteko helburuz sortu genituen bonu kanpaina hauek, Bertanekin elkarlanean. Eragin positiboa dutela ikusten dugu urtez urte, jendea herrian kontsumitzera bultzatzen baitute".
Bertan elkarteko juntakideek ere ildo beretik hitz egin dute. “Bonu kanpainak zuzeneko eragina du saltoki txikien jardueran, eta beste behin ere bultzada garrantzitsua izatea espero dugu”, agertu dute.