Gaur hasi da Euskaraldia. 19:00ak ondo jota zirela, zehazki, Azpeitian. Euriaren beldur, Azoka Plazan bildu dira dozenaka herritar, katu jirako kideak lagun, euskararen aldeko egitasmoari babesa emateko.
Aitziber Besga Euskaraldiaren Azpeitiko koordinatzaileak hartu du hitza han bildutakoen aurrean, eta hitzartzea bukatuta, txapa jantzi dute herritarrek, Euskaraldiaren hasiera irudikatzeko. Segidan, kantu jirako kideen txanda izan da; hainbat abesti kantatu dituzte, hala nola Guk euskaraz, Euskal Herrian euskaraz eta Aitorren hizkuntz zaharra.
Gaur hasi da Euskaraldia, eta Azpeitian 1.700 norbanakok eta 58 entitatek eman dute ariketa sozialerako izena. Maiatzaren 25ean bukatuko da Euskaraldia.
Dena den, egun horretara bitarterako ekitaldi bat antolatu du batzordeak herrian. Maiatzaren 22an, ostegunez, Zopa antzezlana izango da, 19:00etan, Soreasu antzokian. Doakoa izango da sarrera, baina edukiera kontuengatik aurretik hartzea komeni da Kulturaz.eus webgunean.