Ekainaren 14an egingo dute Urrestillako San Joan Herri Krosaren 21. edizioa

Maddi Txintxurreta 2025ko mai. 14a, 08:00

Hainbat lasterkari San Joan Krosaren 2023ko edizioan. (Ihintza Elustondo)

Berrikuntzekin dator aurten San Joan jaien atariko lasterketa: bi kilometro laburragoa izango da helduen lasterketa, 6,6 kilometrokoa. Jubenilen, seniorren eta beteranoen mailetan lehiatuko diren korrikalariek izena eman dezakete jadanik.

Ekainaren 14an jokatuko dute Urrestillako XXI. San Joan Herri Krosa, aurtengoan, berrikuntza batekin: ohi baino laburragoa izango da helduen lasterketa; ez ditu 8,8 kilometro izango, 6,6 baizik. Horrenbestez, ibilbideari hiru itzuli emango dizkiote korrikalariek, aurreko edizioetan baino bat gutxiago.

Sanjoanetako lasterketan parte hartzeko izen-ematea ireki dute dagoeneko jubenilen, seniorren eta beteranoen kategoriatan korrika egingo duten kirolarientzat. Parte hartu nahi dutenek honako esteka honetan eman ahal izango dute izena. Gainontzekoek egunean bertan eman beharko dute izena.

Adin guztietako herritarrentzako probak prestatu dituzte aurten ere. 17:00etan hasiko dira lasterka 0 eta 8 urte bitarteko haurrak, eta haien atzetik lehiatuko dira benjaminak, kimuak eta inantilak. 18:00etatik aurrera, berriz, kadeteen eta jubenilen txanda izango da, eta korrika egiten azkenak izango dira seniorrak.

Honako hauek dira XXI. San Joan Herri Krosaren barruko lasterketak, ordutegiak eta ibilbideen distantziak:

  • 17:00. 0 eta 8 urte bitartekoak, 200 metro.
  • 17:15. Benjaminak (LHko 3. eta 4. mailak), 550 metro.
  • 17:30. Alebinak (LHko 5. eta 6. mailak), 950 metro.
  • 17:45. Infantilak (DBHko 1. eta 2. mailak), 1.190 metro.
  • 18:00.
    • Kadeteak (DBHko 3. eta 4. mailak), 2.300 metro.
    • Jubenilak, 4.500 metro.
    • Seniorrak eta beteranoak, 6.600 metro.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide