Aritz Egeak eta Ikram Rharsallak irabazi dute Domusa Teknik 15 MLK mendi lasterketa

Ane Olaizola 2025ko mai. 10a, 12:51

Egeak bigarrenez irabazi du 26 kilometroko proba, eta Rharsallak marka berria jarri du emakumeetan, 14 minutuko aldea aterata. Lehen azpeitiarrak izan dira Ibai Angulo eta Eneritz Aramendi.

330 korrikalarirekin abiatu da 09:00etan Domusa Teknik 15 MLK mendi lasterketa Azpeitiko plazatik bigarrenez, eta ibilbidearen 26 kilometrokoak osatzen azkarrena izan da, bigarrenez baita ere, Aritz Egea. 2.04.34 denbora behar izan du hark helmugara iristeko, eta beraz, aurreneko edizioan Egeak berak jarritako marka ez du hausterik izan; emakumeetan bai, 14 minututuz hobetu du denbora lasterketaren garaile izan den Ikram Rharsallak; 2.20.38 denboran osatu du hark ibilbidea.

Probaren hasieratik, tropelaren buruan kokatu da korrikalari urretxuarra, eta atzetik izan du hark Pablo Bautista. Minutu bat eta 19 segundo behar izan ditu hark helmugara iristeko, eta biekin batera, Marcos Ramosek osatu du podiuma (2.08.18). Lehenengo azpeitiarra, berriz, Ibai Angulo izan da (2.08.50). Xoxotetik jaitsiera ikusgarria egin du azpeitiarrak, baina azkenean ez du lortu podiumean sartzerik, eta sailkapen orokorrean bosgarrena izan da.

Emakumeetan, berriz, lehia bizi izan da Rharsallaren eta Onditz Iturberen artean. Biak parez pare iritsi dira Ikasberrin dagoen Gune Urdinera, eta Xoxoterako bidean, Iturbek aurre hartu dio Rharsallari. Ordea, jaitsieran biziago ibili da Rharsalla, eta hura izan da aurtengo garailea; azkenean, Iturbek minutu bat eta 37 segundo gehiago behar izan ditu helmugaratzeko, eta Oihana Zubillaga sailkatu da hirugarren, 2.38.34 denbora eginda. Lehen azpeitiarra, berriz, Eneritz Aramendi izan da (2.43.21).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide