Domusa Teknik 40 MLK eta 15 MLK probak jokatuko dira bihar Azpeitian. Mendi lasterketa horiek kontuan hartuta, inklusioari lotutako jarduerak antolatu ditu Marea Urdinak. Esaterako, gaur goizean Azpeitiko ikastetxeetako LH5 eta LH6 mailetako ikasleek Inma Bosca eta Toni Ibañez trail lasterkarien esperientzia bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute Soreasun. Izan ere, bi kirolari horiek Gurpildun errebeldeak izenburuko hitzaldia eman dute.
Boscak gaixotasun baten ondoren mugikortasun arazoak ditu, baina gurpildun aulkiarekin mendi lasterketetan parte hartzen du, Ibañez bikotekideak lagunduta.
Bihar, mendi lasterketari lotuta, Anoa Gune Urdina jarriko dute Marea Urdinakoek Ikasberri ikastolaren ondoko aparkalekuan, egitarau zabalarekin.
Anoa Gune Urdineko egitaraua:
- 09:30. Lasterketa motzeko lehen korrikalariari ongietorria.
- 11:00-13:00. Sentsibilizazio jolasak, photocalla...
- 11:00-14:00 eta 15:00-17:00. Puzgarriak eta aurpegi margoketa.
- 12:30. Lasterketa luzeko lehen korrikalariari ongietorria.
- 12:00etatik 16:00etara. Eusko Labelen eskutik pintxoak eta edariak.
- 17:45. Azken korrikalariari ongietorrria eta amaiera.