Apirilaren 25ean Haron izan zen hilketa matxista salatu eta hildakoaren senitartekoei zein gertukoei elkartasuna adierazi die Azpeitiko Udalak. Horrez gain, herriko Feministen Sareak gaurko 19:30erako plazan antolatu duen elkarretaratzean parte hartzeko deia egin du.
Haron (Espainia) izan zen hilketa, baina Gasteizkoa zen hildako emakumea, eta ondorioz, urtea hasi zenetik Euskal Herriari erasan dion hirugarren hilketa matxista izan da, udalak gogoratu duenez. 2003tik, bestalde, 128 hilketa matxista erregistratu dituzte Euskal Herrian.
"Azpeitiko Udalak ozen adierazi nahi du, beste behin ere, ez duela onartuko giza eskubideen urraketarik; ez Azpeitian, ez beste inon ere. Eta urraketen aurrean, modu aktiboan jokatzea herritarron ardura ere badela gogorarazi nahi du", adierazi du erakundeak ohar bidez.
Emakumeen aurkako indarkeria "egiturazko arazoa" dela esan du udalak, "emakumeak kontrolpean eta mendean" nahi dituen sistema batek eragindakoa. Hortaz, argi esan du indarkeria hori ez dela ekintza bakartuen edo azalpenik gabeko gertakarien emaitza.
Aitzitik, generoen gaineko aurreiritziak, "gizartean aski errotuta dauden horiek", dira halako ondorio larrien eta tamalgarrien sortzaile, erakundeak azaldu duenez. "Hilketa matxista emakumeen aurkako indarkeriaren muturreko espresioa da, eta erasoei aurre egiteko ezinbestekoa da gizonen eta emakumeen arteko berdintasun balioak sustatzea", gaineratu du.
Hori dela eta, Azpeitiko Udalak ziurtatu du lanean jarraituko duela "berdintasunaren oinarriak auzitan jartzen dituen arazo sozial larriari" irtenbidea bilatzeko. "Eraso oro gaitzestea, indarkeriari aurre egiten dioten emakumeei babesa ematea, prebentzio eta sentsibilizazio lanean jarraitzea eta baliabideak bideratzea dagokigu", zehaztu du.