Lagun Onakekin azken partida jokatuko duzu zapatuan, Garmendipen. Zer-nola zaude partidaren atarian?
Gogotsu nago, eta aldi berean, ingurukoekin futbolari azken agurra emateko ilusioz. Baina ez dut gezurrik esango; azken bi asteetan urduritasuna ere sumatzen dut barrenean, eta tristura puntu bat ere badaukat.
Azken urteetan gizonen lehen taldeko kapitaina izan zara. Zer da hori zuretzat?
Beti da ederra zure herriko lehen taldean aritzea, eta nola ez, plus bat da kapitaina izatea. Lehen taldean hasi nintzenean, banituen niretzat eredu ziren kapitainak, hala nola Hodei Tena, Oinatz Elustondo edo Joanes Otamendi. Horiengandik asko ikasi nuen.
Zergatik utziko duzu futbola?
Azken urtebetean argi izan dut oraingoa azken denboraldia izango nuela. Futbolean Hirugarren Mailan jarraitzeko ezinbestekoa da ilusioa eta gogoa ehuneko ehunean edukitzea, konpromiso handia eskatzen duelako maila horretan aritzeak. Konpromiso maila hori jaitsiz gero, uzteko momentua horixe dela uste dut.
Lagun Onaken harrobian hazitakoa zara. Elgoibarren egin zenituen bi denboraldi, baina berriz ere etxera itzuli zinen. Zer balorazio egiten duzu ibilbideaz?
Txikitatik zen nire ilusioa Lagun Onakeko lehen taldera iristea, baina lehen talderako jauzia emateko unea iritsi aurretik, beharrezkoa ikusi nuen beste talde batera joatea. Izan ere, aurrerapausoa emateko minutu batzuk behar nituen. Elgoibar horretarako talde ona zela iruditu zitzaidan, eta hain zuzen, han eskuratu nuen behar nuen konfiantza. Bi denboraldi egin nituen han, bigarren sasoian hamalau gol sartu nituen, eta erabaki nuen Azpeitira itzultzeko une ona zela. Konfiantza handia lortu nuen Elgoibarren, eta etxera buelta errazagoa izan zen zentzu horretan. Eskerrak eman nahi dizkiot talde hartan entrenatzaile izan nuen Omar Aizpuru azpeitiarrari. Lagun Onaken igaro ditut azken sei denboraldiak, eta gorabeherak izan baditugu ere, Hirugarren Mailan jarraitzea lortu dugu; denboraldi politak izan dira, eta momentu on asko pasatu ditugu.
Azken urteetan azpeitiar gutxi aritu dira lehen taldean, baina badirudi harrobia berriz ere indartzen ari dela. Zentzu horretan, zer egoeratan uzten duzu taldea?
Pare bat denboralditan bizpahiru azpeitiar baino ez ginen aritu taldean, eta egia esan, egoera hori nahiko tristea zen. Orain, baina, alde horretatik egoera onean utziko dut taldea; ez dute asko antzemango azpeitiar bat gutxiago dagoela taldean.
Zer eman dizu Lagun Onakek urte hauetan guztietan?
Taldekideak dira gauza aipagarriena; izan ere, urtez urte, taldekide izugarriak izan ditut. Hirugarren Mailako aldagela onena Lagun Onakena izan dela esango nuke. Betirako lagunak egin ditut futbolean.
Zaleen babesa nolakoa izan da?
Zaleak beti egoten dira babesa emateko prest Garmendipen. Hori dela eta, ederra da bi astez behin zale horien aurrean jokatzea eta haiek alboan ditugula sumatzea.
Denboraldia bukatzear da, eta Hirugarren Mailan jarraituko du lehen taldeak. Hori al zen hasierako helburua?
Lagun Onaken urteroko helburua Hirugarren Mailan mantentzea dela esango nuke, eta horrekin batera, ahalik eta azpeitiar gehien izatea taldean. Helburu horiekin jarraitu behar du klubak lanean; izan ere, Garmendipera ahalik eta jende gehien joan dadin, garrantzitsua da zelaian ahal bezain beste azpeitiar izatea.
Futbola erabat utziko al duzu? Edo futbolari lotuta jarraituko duzu, beste modu batean bada ere?
Futbolean jokatzen aritu naizen bitartean umeak entrenatzen ere jardun dut. Uneotan ez dakit jarraituko al dudan entrenatzaile lanetan, baina ez dut baztertzen; izan ere, oso gustura aritu naiz umeekin eta asko gustatzen zaizkit futbola eta entrenatzaile lana.