Pirinioetara irteera antolatu du Lagun Onak mendi bazkunak

Maddi Txintxurreta 2025ko mar. 12a, 09:30

Hainbat lagun Lagun Onakek Pirinioetara antolatu zuen irteera batean.

Martxoaren 22ko eta 23ko asteburuan egingo dute irteera. Garmo Negro eta Anayeteko tontorrera joango dira mendizaleak. Parte hartzeko nahitaezkoa da federatuta egotea eta aurrez izena ematea.

Martxoaren 22ko eta 23ko astebururako Pirinioetara irteera antolatu du Lagun Onak mendi bazkunak. Garmo Negro (3.064 metro) mendira joango dira larunbatean, eta Anayeteko tontorrera (2.555 metro) igandean.

Eguraldi iragarpenek ez badute plana aldatzen, behintzat, tontor altuetara igotzeko parada izango dute herritarrek Lagun Onaken eskutik. Hori bai, parte hartu nahi duenak federatua egon beharko du derrigor, eta berarekin eraman beharko du federatu txartela.

Bestalde, beharrezkoa da irteerara kranpoiak, pioleta, frontala eta lo-zakua eramatea. Hala ere, halakorik ez duenak, materiala aurrez alokatu ahal izango du Lagun Onak Mendi Bazkunari abisatuz gero.

Irteeran parte hartzeko aurrez eman behar da izena. Honako kontu korronte zenbakira 90 euroko transferentzia egin beharko dute Lagun Onakeko bazkide direnek, eta 110 eurokoa bazkide ez direnek: ES05 3008 0152 64 5416695822 (Rural Kutxa). Ordainagiria lagunonak.ibilaldiak@gmail.com helbidera bidali beharko da, gero. Zenbateko horren barruan sartzen dira autobusaren, aterpeko egonaldiaren, afariaren eta gosariaren gastua.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide