Gerolan egitasmoaren barruan, Azpeitiko Urola ikastolako eta Azkoitia BHI ikastetxeko hainbat ikasle Dinamoa sormen gunean izan ziren atzo, Kulturaz kooperatibak zein Urola Komunikazio Taldeak (UKT) egiten duten lana gertutik ezagutzeko. Bi kooperatiba horietako kideek hainbat azalpen eman zizkieten Batxilergoko 2. mailako ikasleei, eta haiek zalantzak argitzeko tartea ere izan zuten.
Iraurgi Berritzen garapen agentziak sustatzen du Gerolan programa, ikasleen orientazio akademikoa indartzeko helburuz. Besteak beste, eskualdeko errealitate sozioekonomikoaren berri emateko orientazio mapa sortu zuen garapen agentziak, eta orientazio beharren araberako bisitak antolatzen ditu urtez urte. Hori dela eta, herriko ikastetxeetako ikasleak hainbat enpresa eta lanbide ezagutzen ari dira aurten ere.
Atzo Dinamoan izan ziren ikasleek komunikazioari nahiz kultur kudeaketari lotutako ikasketekiko interesa agertu zuten, eta hain zuzen, UKTko eta Kulturazeko langileek beren jardunaren gaineko xehetasunak eman zizkieten. Zehazki, lan esperientziaz, gaitasunez, balioez, unibertsitateko ikasketez, aukerez eta ofizioek dituzten ertzez aritu ziren hizketan. Solasaldiak bukatuta, Azpeitia Gukaren erredakzioa nahiz Dinamoa sormen gunea ezagutu dituzte ikasleek.
(Argazkiak: Kulturaz kooperatiba)
Ikasleen orientazio akademikoa indartzea da Iraurgi Berritzenen Gerolan programaren helburua.