Martxoaren 8a da gaur, Emakumeen Nazioarteko Eguna, eta Azpeitiko Feministen Sareak more kolorez jantzi du eguerdi partean herrigunea. Hain zuzen ere, 12:00etan, umeentzako tailerrak egin dituzte plazan, eta hainbat haur eta guraso bertaratu dira saioan parte hartzera.
Jarraian, 12:30ean, elkarretaratzea egin dute toki berean, eta jende ugarik egin du bat mobilizazioarekin. Faxismoaren aurka, ausardia eta aliantza feministak! lelopean elkartu dira hainbat eta hainbat herritar, eta, ondoren, Eneritz Albizu Feministen sareko kideak idatzi bat irakurri du kioskoan. Ekitaldiarekin amaitzeko, zuzeneko musikaz lagunduta, abesti bat abestu dute herriko bi emakumek, aldarri feministak lau haizetara zabalduz.
Hark gogora ekarri du azken hamarkadetan lanean jardun diren talde feministen ekarpena. Adibidez, 80ko hamarkadan, Euskal Herriko Mugimendu Feministaren baitan antolatutako emakume talde batek abortatzeko eskubidearen eta emakumeen sexualitatearen inguruan herrian egindako lana aipatu du. "Abortatzea legez zigortuta zegoen garaietan, asko izan ziren talde horren laguntza jaso zuten emakumeak".
Ondoren, 90eko hamarkadan, etorri zen Izarraizpeko Sorginak izeneko talde feminista. "Hark askotan astindu zuen herria indarkeria matxistaren kontra, heteroarauaren kontra, nahiz emakumeen bizitzen prekarizazioaren kontra. Proposamen ugari egin zituzten, hala nola jai eredu feministen aldekoak, publizitate sexistaren salaketa eta indarkeria matxistarik gabeko guneen aldarrikapena". Udalari herri feminista bat eraikitzeko ardura hartzeko exijitzen hasi zitzaizkien. "Aldarrikapen horiek plazaratzeak eztabaida ugari eragin zituen herritarren artean eta eskuin nahiz ezkertiarren kritikak jasan behar izan zituzten, patriarkatuaren aterkia oso zabala dela agerian utziz. Aitzitik, emakume talde honek tinko eutsi zien abiatutako borrokei".
Feministen Sareak gogora ekarri duenez, Euskal Herriko Bilgune Feministarekin harremana zuen taldea sortu zuten herrian gero. "Izarraizpeko Sorginen lanari jarraipena eman zion talde hark, eta Emakumeen Mundu Martxako plataformarekin elkarlanean, emakumeen pobretzea eta emakumeen kontrako indarkeria salatu zituzten hainbat karabana feministatan, baita herri mailan antolatutako hamaika ekimenetan ere. Mundu Martxako plataformak proposatuta, indarkeria matxistagatik eraildako emakumeen kasuan, herriz herri elkarretaratzeak egiten hasi ziren, besteak beste".
Bilgune Feministaren ondoren Basandereak taldea sortu zuten, "herria kolore morez margotzen jarraitzeko gogoz zegoen gazte feministen taldea". Aurrekoen ildotik, patriarkatuaren kontrako borrokan murgilduta aritu zen lanean hura ere, eta Martxoaren 8an historikoak izan ziren greba feministak antolatu eta eraso matxistak salatu zituen. Orain, berriz, feminismoak batu dituen emakume talde bat Azpeitiko Feministen Sarean antolatu dira, "urteetan egindako lanaren aitortza egin nahian batetik, eta alor honetan zeregin ugari dagoela jakitun, horiei heltzeko prest, bestetik".
Faxismoaren aurka
Denak ala denak Euskal Herriko Mugimendu Feministaren parte izanik, belaunaldiz belaunaldi balio feministak dituen herri bat eraikitzeko lanean aritu direla nabarmendu du Feministen Sareak. "Ari gara. Euskal Herriko Mugimendu Feministaren jarduna, antikapitalista, antiarrazista, eta antipatriarkala izan da beti eta urteetan egindako lan hori aitortzea ezinbestekoa iruditzen zaigu aurtengo Martxoaren 8an ere". Are gehiago "faxismoaren gorakada nabarmena" izaten ari dela kontuan izanda.
Faxismoari feminismotik aurre egin diotela adierazi du Azpeitiko Feministen Sareak, eta horretan jarraitzeko asmotan jarraitzen dutela oraindik ere. "Izan ere, desberdinkeriek bere horretan diraute, eta sistema zisheteropatriarkal kapitalista kolonial eta arrazistak birfundatzen jarraitzen du. Eskuin muturraren, faxismoaren eta jarrera erreakzionarioen gorakada ikus dezakegu hainbat esparru eta sektoretan; sare sozialetan, prentsan, kalean, diskurtsoetan, proposamen politikoetan... Ez da soilik urrutiko zerbait, eskuinetik datorren hau ez da mugimendu estanko bat". Eta ezkerreko sektore batzuetan ere feminismoarekiko kontrakotasuna edota diskurtso arrazisten gorakada gertatzen ari dela azpimarratu dute. "Jarrera eta posizionamendu belizistek ere indarra hartu dute azken urteetan, eta horrek zuzenean gure gorputz eta lurraldeen aurkako zapalkuntzak areagotzea dakar".
Horren aurrean, "indarkeriarik gabeko bizitzak izateko eskubidea" nahi dutela adierazi du Feministen Sareak. "Mugimendu Feministatik urtez urte egiten ari garen lan eta borrokaren ondorioz, hamaika lorpen eskuratu ditugu, baina ohartzen gara, urrats bat egiten dugun bakoitzean, oldarraldi erreakzionario bat jasotzen dugula bueltan pribilegioak kolokan ikusten dituztenen partetik. Emakume, trans eta bolleron zapalkuntza betikotzen duen sistemaren sostengu diren gizonen aldetik". Feminismoa ezkerreko borroken erdigunera ekarri beharra nabarmendu dute, "feminismo antiarrazista, antikolonialista, antikapitalista eta antiklasista". Feministen Sarearen hitzetan, "feminismoa baita eraldaketarako proposamen integralak egiteko ezinbesteko mugimendua".
Hiru ardatz
Aurten ere, Martxoaren 8an, "etengabe zapaltzen gaituen sistema baten kontra" aterako dira kalera. Eta, euren borrokak, hemen eta orain, hiru ardatz dituela esan dute. Lehena, indarkeria matxistarena. "Emakume trans eta bollerok jasaten ditugun eraso eta menderakuntza egoerekin amaitu beharra dago. Erasoak, soldata arrakala, egiten dugun ordaindu gabeko lana, kristalezko sabaiak... Indarkeria dira eta sistema betikotzeko ezinbesteko tresnak dira".
Bigarrenik, krisi ekosoziala jarri nahi dute mahai gainean. "Gaur egun, krisi ekosozial global batean murgilduta gaude: kapitalismoak, patriarkatuak eta kolonialismoak bere fase neoliberalean eragindakoa, sustrai sakonak dituena. Bizitza akabatzen duen sistema baten aurrean gaude: bai pertsonen bizitzak, bai natura bera. Baliabide naturalak eta lurra bera erabat pribatizatuta daude eta hazkunde amaigabearen logikak, planetaren mugak ez ditu kontuan hartzen. Hemen ere, negozioa eta merkantilizazioa dago beste ezeren gainetik. Gainera, lurren pribatizazioa eta ustiapena ez da ausaz gertatzen. Iparralde globaleko herriek hegoaldekoak kolonizatzen jarraitzeko ezinbesteko tresna da, eta Euskal Herritik ere badugu ardura hori salatzeko eta horren amaiera exijitzeko".
Eta hirugarrenik, egungo "sistema arrazista eta koloniala betikotzen dituzten migrazio politikak" salatu nahi dituzte. "Atzerritartasun legearekin amaitu behar dugula ozen aldarrikatzen jarraitzen dugu. Baina, ez hori bakarrik, urgentziaz salatu behar ditugu migratzaileen kontra ematen ari diren jarrera arrazistak eta segurtasunaren izenean polizia gehiagoren beharra aldarrikatzen dituztenen diskurtsoak, arrazakeria areagotzearen erantzule direnak, besteak beste".
Azkenik, aurtengo Martxoaren 8an ere ez dituzte ahaztuko munduan barrena hainbat gatazkatan borrokan eta erresistentzian dabiltzan kideak. "Hemendik gure babes eta elkartasun osoa; Palestina, Sahara, Kurdistan eta borrokan ari diren herri zapalduetara".
"Oldarraldiz beteriko garai hauetan", bidea aliantzak eraikitzea dela adierazi dute. "Elkartu gaitezen, saretu gaitezen. Batu ditzagun indarrak herri eta jendarte feminista bat eraikitzera bidean. Aspaldi ekin genion bide honi eta ez dugu inolako asmorik atzerapausorik emateko".